Gizartea -
Koronabirusa
Kontsultatu hemen koronabirusari aurre egiteko indarrean dauden neurri nagusiak
Maila guztietako gobernuek COVID-19 gaixotasuna hedatzea saihesteko hartutako neurriak laburbildu ditugu.
EiTB.EUS
Udalek, Aldundiek, Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak eta nazioarteko erakundeek zenbait neurri hartu dituzte azken egunotan koronabirusari aurre egiteko eta COVID-19 gaixotasuna hedatzea eteteko. Nagusiak laburbildu ditugu jarraian.
Espainiako Estatuan
-Alarma-egoera ezarri dute, gutxienez martxoaren 30era arte. Horrek dakar, aipatutako data iritsi arte, hauxe:
*Estatuko segurtasun-indar guztiak Fernando Grande-Marlaska Barne ministroaren agindupean daude.
*Lurreko muga guztietan kontrolak ezarri dituzte: espainiarrak eta Espainian bizi direnak bakarrik sartu ahal dira (oraindik aletu ez dituzten salbuespen batzuk ere aurreikusi dituzte).
*Ondorengo kasuetan bakarrik daude baimenduta pertsonen joan-etorriak: elikagaiak, sendagaiak eta oinarrizkoak diren gauzak erosteko (ibilgailuarentzako erregaia, adibidez), osasun-zentroetara joateko, lanerako joan-etorria egiteko, mendekotasuna dutenak zaintzeko (adinekoak, adin-txikikoak, mendekotasunen bat dutenak zein bereziki ahulak diren pertsonak), finantza-erakundeetara eta aseguru-etxeen bulegoetara joateko, ezinbesteko egoerak edo beharrak kudeatzeko, eta aurrekoen tankerako beste edozein jardueratarako, behar bezala justifikatuta badago (txakurra paseatzera ateratzeko, esaterako).
*Aurreko kasu horietarako etxetik ateratzen den pertsona bakarrik irtengo da beti; baina beharrezkoa den kasuetan, haurrekin, ezgaitasunen bat dutenekin edo adinekoekin ateratzeko aukera izango dute. Autoz mugituz gero ere, pertsona bakarra joan daiteke ibilgailuan. Mendekotasuna duten pertsonak beste norbaitekin joan ahal izango dira.
*Saltoki guztiak daude itxita, ondorengo hauek izan ezik: elikagai denda handiak eta txikiak, farmaziak, okindegiak, prentsa saltzen duten kioskoak eta dendak, estankoak, gasolindegiak, optika eta ortopediak, animalientzako jana erosteko dendak, tindategiak eta zerbitzu informatikoak ematen dituzten dendak.
*Eskola jarduera osoa eten egin dute.
-Etxegabetzeak eta ezkontza zibilak bertan behera daude.
-Gidabaimena eskuratzeko azterketak, bertan behera.
-Italiarekiko zuzeneko hegaldi guztiak debekatu dituzte, martxoaren 25era arte.
-Imsersoren bidaia guztiak bertan behera utzi dituzte, hilabeterako (martxoaren 10ean hartu zuten erabakia).
-Diputatuen Kongresuak 15 egunez utzi du jarduera bertan behera, martxoaren 12tik, eta osoko bilkura bakarra du aurreikusita, martxoaren 24rako, onartzeko dauden hainbat dekreturengatik.
-Koronabirusak kutsatuta edo prebentziozko isolamenduan dauden langileek gaixotasun profesionalagatik izango dute baja, ez gaixotasun arruntagatik.
-Osasun publikoaren ezohiko neurrien gaineko legea aldatu dute, koronabirusa prebenitzeko beharrezkotzat jotzen diren produktuen hornidura zentralizatua baimentzea helburu, baita beste artikulu batzuen hornidura ere baimentzeko.
-Kartzeletarako sarbidea murriztu egin dute, eta bertan behera utzi dituzte aurrez aurreko bisitak eta mintzategitik egiten ez diren guztiak. Langileak eta funtzionarioak bakarrik sartu ahal izango dira, haien lana ezinbestekoa izanez gero.
EAEn
-Osasun-alerta egoera ezarri dute. Ikusi zer dakarren horrek.
-Apirilaren 5eko hauteskundeak atzeratu dituzte.
-Herritar guztiek gutxienez 1,5 metroko tartea utzi beharko dute elkarren artean.
-Osakidetzak bertan behera utzi ditu programatutako kontsulta eta ebakuntza guztiak.
-Lantegi handiak ixten hasi dira egun batzuetarako.
- Herritarrei aurrez aurre arreta ematen dieten Eusko Jaurlaritzaren bulego guztiak, hala nola Lanbide, Zuzenean, Hezkuntza edo Etxebizitza, aldi baterako itxita egongo dira. Herritarren arreta bitarteko telefoniko eta telematikoen bidez bideratuko da.
- Administrazio-prozedurak izapidetzeko epeak, hala nola bekak, diru-laguntzak edo laguntzak, automatikoki luzatzen dira. Herritarren arreta bitarteko telefonikoen eta telematikoen bidez bideratuko da.
-Erkidegoek bere gain hartu dute osasun pribatuaren kontrola koronabirusagatik.
-Eguneko zentroak, hostalaritza, kirolguneak eta txokoak itxi dituzte.
-EAEn programatutako epaiketa guztiak bertan behera utzi dituzte.
-Garraio publikoan, eskudirutan ordaintzea debekatu dute. Garraio publikoa % 100ean dabil (Metro Bilbao, Euskotren, Gasteizko tranbia, Tuvisa, Dbus eta Bilbobus).
-Eguneko zentroak itxita daude, eta erresidentzia pribatu zein publikoetan dauden pertsona helduen bisitak debekatuta (zentro bakoitzak salbuespenak egin ahal izango ditu, baina sartzen diren guztiei tenperatura hartuko diete eta 37 ºC baino gehiago izanez gero, ezingo dira sartu).
-Osakidetzak aholkuen eta gomendioen zerrenda bat argitaratu du, eta etengabe ari da eguneratzen.
-Eskola-kirola bertan behera utzi dute.
Araban
-Koronabirusaren balizko kasuak hiru zentro berezitan artatuko dituzte Araban.
-Foru-zentro gehienetan, jendearentzako arreta bertan behera utzi dute.
-Osasun-zentroetan, larrialdietan, osasun-langileak maskarak eta eskularruak erabiltzen ari dira arnas aparatuko gaitzen bat duten gaixoak artatzeko.
-Arabako Batzar Nagusiek bertan behera utzi dute martxoaren 18an egitekoa zen osoko bilkura, baita ondorengo egunetako batzordeak ere.
-Gasteizen, Adinekoen Zentro Soziokulturaletako jantoki-zerbitzua berriro antolatu dute, mahai bakoitzean pertsona bana egon dadin.
Bizkaian
-Makina-erremintaren Biurtekoa azarora arte atzeratu dute, eta Expovacaciones eta Bigarren Eskuko Ibilgailuaren Azoka bertan behera utzi dute, oraingoz zehaztutako datarik gabe.
-Bizkaibusek Leioako EHUrako zerbitzua bertan behera du, martxoaren 16tik.
-Bizkaiko Batzar Nagusiek apirilera arte utzi dituzte bertan behera oso bilkurak eta batzordeak.
-Balmasedan, bertan behera utzi dituzte Gurutze-bide biziduna, bai eta Aste Santuko gainerako jarduera guztiak ere.
Gipuzkoan
-Donostiako TAO zerbitzua mantendu egingo da, baina ez da egongo oinezko agenterik kontrolatzen.
-Donostiako Udalak Dbus linea guztietako garbiketa-protokoloak sendotu ditu.
Nafarroan
-Nafarroako Volkswagen eta Michelin lantegien jarduera bertan behera utzi dute.
-Nafarroako Parlamentuak, martxoaren 16tik aurrera, hauek ditu jarduera bakarrak: osoko bilkurak, Parlamentuko Mahaia, Bozeramaileen Batzordea, eta agerraldiak.
-Ospitaleetako eta osasun-zentroetako bisitak eta mediku-bisitarienak murriztu dituzte.
-Nafarroako Kutxa Fundazioak jarduera oro eten eta bere instalazioak ixten ditu.
-Sendavivak apirilaren 4ra arte atzeratu du bere hamazazpigarren denboraldiaren irekiera.
Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa
-Eskolak bertan behera, martxoaren 16tik.
-Frantziako herritar guztiek etxean egon behar dute isolatuta, 15 egunez, martxoaren 31ra arte.
-Udal-hauteskundeetako bigarren itzulia, atzeratuta.
Nazioartean
-Txinak dio osasun hornidurak bidaliko dituela Espainiara, eta mediku adituak eskaini ditu.
-Denda guztiak itxita daude Italian, farmaziak eta supermerkatuak izan ezik.
-Italiak hipoteken ordainketak eten ditu.
-Ameriketako Estatu Batuek Europatik doazen hegaldiak mugatuta ditu 30 egunez (erabakia martxoaren 11n sartu da indarrean).
-Europar Batasunak 25.000 milioiko funts bat aktibatuko du.
-Munduko Osasun Erakundeak pandemia mailara igo du agerraldia.
-Vietnamek Europako zortzi herrialdetako herritarrentzako bisa bertan behera utzi du; besteak beste, espainiar Estatuko herritarrentzako bisa.
-El Salvador, Argentina, Kolonbia, Peru, Txile eta Guatemala koarentenak ari zaizkie ezartzen Europatik edo Txinatik iritsitako bidaiariei.