Gizartea -

Gaixotasuna

EH Bilduk "mahai zabala" eskatu die Urkulluri eta Chiviteri koronabirusaren aurrean

Otegik galdetu du ea "zentzuzkoa" den hauteskunde kanpaina edo hauteskundeak egitea adituek uste badute gaixotasunak apirilaren 3an joko duela goia.

Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusia. Argazkia: Efe
Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusia. Argazkia: Efe
Otegik galdetu du ea ''zentzuzkoa'' den hauteskunde kanpaina edo hauteskundeak egitea

0:56

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak "izaera orokorreko" mahaia "berehala" deitzeko eskatu die Iñigo Urkullu lehendakariari eta Maria Chivite Nafarroako presidenteari, koronabirusak sortutako osasun krisiaren aurrean "diagnosi komuna" eta egoerari aurre egiteko, "arazo nazionala" delako.

Gainera, galdetu du ea "zentzuzkoa" den hauteskunde kanpaina edo hauteskundeak egitea adituek uste badute gaixotasunak apirilaren 3an joko duela goia. "Ez da lehiarako garaia, elkarlanerako unea da. Momentu honetan, mahai gainean jendearen osasuna zaintzea besterik ez da jarri behar", azpimarratu du.

Donostian emandako prentsaurreko batean, buruzagi abertzaleak esan du arazoa ez dela soilik osasun publikoa, "beste arlo batzuetan ere ondorioak" dituelako. Horren harira, Araban 63.000 haur eskolarik gabe daudela eta horrek, "zaintzen arazoa mahai gainean" jartzen duela azaldu du.

Otegik berretsi du, arazo "ekonomiko eta industriala" ere izango dela datorren asteetan, "ez hornikuntza faltagatik bakarrik, baina neurriak hartu beharko direlako".

"Euskal Herriak erronka nazionala du arazo honi aurre egiten", adierazi du, "Osakidetzako eta Osasunbideko langileei erabateko babesa eta konfiantza helarazi" aurretik.

Hauteskundeak

EH Bilduren buruzagiak esan du koalizio abertzaleak ez duela "inolako erabakirik hartu" aurreikusita dituen ekitaldien inguruan, baina "futbol partidak bertan behera uzten edo ikuslerik gabe egiten hasi badira, hauteskunde aurreko egoeran egonik, baliteke erabakiak hartu behar izatea".

Otegik gogorarazi duenez, ekitaldi jendetsua deitu dute martxoaren 28rako BECen, eta zalantzan jarri du "zentzuzkoa eta ardurazkoa" ote den "milaka pertsona" elkartzea, "ez baitugu uste egoerak hobera egingo duenik 15 egunean, okerrera baizik".

Koalizio abertzalearen eledunak galdetu du ea zentzurik baduen "haurrak eskoletatik atera ostean, hemendik hiru astera ikuskatzailez betetzea jendeak botoa eman dezan". "Eztabaidagarria behintzat bada", azpimarratu, eta adituek gaixotasunaren une gogorrena apirilaren 3an kokatzen dutela aipatu du.

"Nor egongo da hauteskunde mahaietan? Nor joango da botoa ematera? Egoera honek sortuko duen psikosiak non utziko du parte-hartzea? Gauza hauek guztiak jorratu beharko genituzke mahai horretan", gaineratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Gizartea EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Hauteskundeak María Chivite