Gizartea -
Zaldibarko luizia
Bilaketa-eremuetako bat hondakinez hustu dute, bi desagertuak aurkitu gabe
Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, B-3 eremuko hondakinak husteko lanak amaitu dituzte, zirkulazioa etetera behartu zuen eta AP-8 autobidea zaborrez bete zen zonaldea, hain zuzen ere.
Agentziak | Erredakzioa
Zaldibarko zabortegian desagertutako bi langileak topatzeko lanen harira, lau bilaketa-eremuetako bat hustu dute, AP-8 autobidetik gertuen dagoen zonaldea, hain zuzen ere; baina ez dituzte bi langileen gorpuak aurkitu.
Eusko Jaurlaritzak ohar baten bidez jakinarazi duenez, B-3 eremua husteko lanak amaitu dituzte, AP-8 autobidearen zirkulazioa etetera behartu zuen eta zaborrez bete zen zonaldea, hain zuzen ere.
Bi langileak aurkitzeko lur-jausiaren zonaldea lau eremutan banatu dute, eta horiek, aldi berean, zenbait azpieremutan. Gaurko txostenaren arabera, "erritmo onean aurrera egiten ari dira"; izan ere, "sarbide egokiak dituzte, lan-baldintza seguruetan jardutea ahalbidetzen dutenak".
Hurrengo egunetan operatiboaren asmoa bilaketa-eremuetatik hustutako hondakinak gelaxketan biltzea da, eta zabortegiaren barne-zirkulaziorako bideak atontzea, kontuan hartuta hondakinak ezin direla inolaz ere hiri barruko edo hiriarteko bideetatik igaro.
IHOBE airearen kalitatea eta URA agentzia ibaietako uraren egoera neurtzen ari dira.
Joaquin Beltranen familiaren hitzetan, Zaldibarreko zabortegian duela hilabete luizian harrapaturik geratu zen langileetako bat, "gure heroiak batzuen diru-goseagatik eta besteen praxi txarragatik galdu zuen bizitza". "Ez zen gertatu behar eta 30 egun geroago zabor tona askoren azpian jarraitzen du, hura aurkitzeko beharrezko baliabide guztiak ez jartzeagatik", azpimarratu zuten larunbatean.
Ehunka pertsonak elkarretaratzea egin zuten Zallako Euskadi plazan, bi langileak gogora ekartzeko. Aurrenaren senideek deitu zuten protesta, Beltran Zallan bizi baitzen.
Beste agerraldi bat egin zuten larunbat goizean Eitzagan, hondakindegia dagoen auzoan. Haserre eta oso kezkatuta agertu ziren, euren senideen bilaketa "bigarren mailan" geratzen ari delako.
Sololuzeren bi ilobak hitz egin zuten hedabideen aurrean, bi familien izenean. Helene Alberdik esan zuenez, egoerak bere horretan jarraitzen du eta desagertutako bi langileak lurpean daude, oraindik. Bitartean, euren oinazea geroz eta handiagoa dela nabarmendu zuten.