Gizartea -

TRAFIKO ISTRIPUA

Hiru pertsona desagertu dira Urumean, auto batek kontrola galdu eta uretara erorita

Bost pertsona zihoazen ibilgailuan; bi onik atera dira eta beste hirurak desagerta jarraitzen dute. Oraindik, ez dute baieztatu azken horiek autoaren barruan dauden edo ez.

Osinaga auzoa, Hernani, gaur. Argazkia: EiTB.
Osinaga auzoa, Hernani, gaur.
Hernaniko bi gizonen eta Gasteizko emakume baten bila ari dira Urumea ibaian

0:47

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru pertsona, bi gizonezko eta emakumezko bat, daude desagertuta Urumea ibaian, gauerditik, auto batek kontrola galdu eta uretara erori ondoren, Hernaniko Osinaga auzoan. Desagertutako bi gizonak Hernanikoak dira, eta emakumezkoa, Gasteizkoa.

Segurtasun Sailak baieztatu duenez, arratsaldeko lehen orduan aurkitu dute ibilgailua urpean. Oraindik, ez dute baieztatu desagertutako hiru pertsonak barruan dauden edo ez.

Radio Euskadik azaldu duenez, autoa ibaiko zona sakon batean dago, eta korrontea oso indartsua da, ondorioz, urpekariak ezin dira hurbildu. Garabi bat bertaratu da, autoa ibai barruan metro batzuk mugitzeko eta korrontetik ateratzeko. Horrela, urpekariek desagerturen bat edo hirurak auto barruan dauden egiaztatu ahal izango dute.

Bost pertsona zihoazen ibilgailuan, eta bik euren kabuz ateratzea lortu dute. Horietako bat ibaiaren ertz batean aurkitu dute larrialdietarako zerbitzuetako langileek, adar bati helduta eta hipotermia zantzuekin. Biak ospitalera eraman dituzte, Tolosako Asuncion Klinikara eta Donostiako Poliklinikara. Donostiakoa da bata, eta Gasteizkoa, bestea, 58 -60 urte ingurukoak. Biak onik daude.

Gauerdian izan da istripua, hainbat sagardotegi dauden auzo batean. Antza, errepidea ez da oso zabala, eta bi auto gurutzatzen ari zirenean, horietako bat, Citroen Berlingo markakoa, gehiegi baztertu da eta amildu egin da, ibairaino. Azken egunotako euri jasen ondorioz, ibaia hazita dator, eta autoa aurretik eraman du.

Ertzaintza, suhiltzaileak eta larrialdietarako zerbitzuetako langileak daude istripua izan den tokian. Eguna argitu orduko, txalupa batekin hasi dira ibaian bilaketa lana egiten.  Helikopteroz ere ingurua arakatu dute.

Pedro Anitua Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak jakinarazi duenez, hiru eremutan izan dira lanean. Batetik, ibilgailua ustez urperatzen hasi zen lekuan suhiltzaile talde batek bilatu du. Sakonera handiena (sei metro) dagoen tokian, berriz, Ertzaintzako urpekariak izan dira lanean, eta Gurutze Gorriko kideak Karabel zubiaren ingurua izan dira arakatzen. 

Ur emari handiaren eta korronteen ondorioz, bilaketa lana oso zaila izan da.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Trafikoa Donostia Gipuzkoa Hernani Gizartea Trafikoko telefonoak Trafiko webkamerak Eguneko albisteak Astigarraga Albisteak Trafiko-istripu hilgarriak