Gizartea -
Emakumearen Nazioarteko Eguna
Udalak antolatutako M8ko martxaren aurka egin du Ermuko Mugimendu Feministak
M8ko hitzordua "mugimendu feministaren aurka" antolatu izana kritikatu du Ermuko Emakumeen Asanbladak. Alkateak, berriz, feministen "boikotarako deia" salatu du.
EITB.EUS
Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, Ermuko Udalak antolatutako martxaren kontra agertu da Ermuko Mugimendu Feminista, egunotan sare sozialen bidez zabaldutako ohar baten arabera. Ermuko Emakumeen Asanbladaren iritziz, hitzordua antolatu du Udalak "emakumeon gehiengoaren iritzia kontuan hartu gabe".
"Historikoki, Berdintasun Kontseiluko emakumeak izan gara, Berdintasun Sailarekin batera, egun honen ospakizuna antolatu dugunak. Hala ere, orain jada ez zaie gustatzen gure ahots kritikoak Kontseiluan entzutea (…) Martxa honen proposamena, inposizio bihurtu dena, atzerapauso bat da, eta egun honetako benetako protagonistak inolaz ere kontuan ez hartzea dakar", deitoratu dute.
Supermerkatu ezagun batek babestu du martxa, eta hori ere kritikatu dute. Ermuko Emakumeen Asanbladaren hitzetan, "kontsumo mota horren kontra gaude (…) kontsumo feminista tokiko kontsumoa da".
"Ermuko Udalak egin du, bere kabuz, mugimendu feministaren aurka (…) ezin dugu onartu martxoaren 8an erakunde horrek mugimendu feministari bere legezkotasuna kentzea", amaitu dute. "Horregatik guztiagatik, aurrean izango gaituzte", iragarri du Ermuko Mugimendu Feministak.
"Pentsatzeko modua inposatzea"
Bestalde, "pentsatzeko eta feminismoa sentitzeko modua" inposatu nahi izatea leporatu dio Juan Carlos Abascal Ermuko alkate sozialistak udalerriko mugimendu feministari, sare sozialetam zabaldutako ohar baten bidez.
Igande honetako martxa iragartzeko kartelak "kendu" eta "boikotarako deia" egin izana kritikatu du alkateak. "Nola bizi behar dugun esaten digute, nola kontsumitu, nortzuk diren martxaren babesle onak eta txarrak. Feminismoaren legezkotasun esklusiboa eurengan bakarrik dagoela diote", salatu du.