Gizartea -
Martxoak 8
Emakundek "ahalduntzeko" deia egin die emakumeei, berdintasuna lortzeko gakoa baita
Hala, martxoaren 8rako deituta dauden mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du, eta gogorarazi du "emakumeen ahalduntzerik gabe, ez dago berdintasunik".
Agentziak
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak espero du aurtengo M8 emakumearen nazioarteko eguna "emakumeen ahalduntze kolektiboaren beste erakusgarri" bat izatea. Hori horrela, herritarrei dei egin die iganderako mugimendu feministak antolatu ditun mobilizazioetara joateko.
Ohar batean Landaidak azpimarratu duenez, "ahalduntzea baldintza eta berme bat da munduan emakumeen eta gizonen berdintasunerako bidean gizartea eraldatzeko. Emakumeen ahalduntzerik gabe, ez dago berdintasunik".
"Era guztietako emakumeak, askotarikoak, elkarrekin, beren eskubideen defentsan. Hala izatea espero dugu, eta Emakundetik babestuko ditugu mugimendu feministak martxoaren 8an deitzen dituen mobilizazioak, beti egin izan dugun bezala", esan du Landaidak.
Era berean, gogora ekarri du Pekingo Adierazpena eta Ekintza Plataformaren 25. urteurrena dela aurten; emakumeen eskubideak sustatzeko inoiz izandako planik aurrerakoiena izan zen mundu mailan, eta emakumeen ahalduntzea funtsezko estrategia gisa aurkeztu zuen.
Emakundek gogorarazi du beharrezkoa dela eragile sozial, politiko eta ekonomiko guztien inplikazioa emakumeen eskubideak bermatzeko eta "gizarte eredu iraunkorrago eta berdinzaleago bat" lortzen laguntzeko.
Landaidak Bilboko manifestazioan hartuko du parte. Martxa Jesusen Bihotzetik abiatuko da, 13:00etan.