Gizartea -
Eguraldia
Alerta laranja eta zazpi abisu hori EAEn, haizeagatik, olatuengatik eta elurragatik
Eguraldiak hobera egingo du bihar, larunbata. Hodeiak ugariak izango dira eta euria egingo du egunaren lehen partean, baina atertuz joango da arratsaldean zehar.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du gaur, ostirala, nabigaziorako; izan ere, 4 eta 4,5 metro arteko olatuak espero dira lehen bi milietan. Horrez gain, zazpi abisu hori egongo dira indarrean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) egunean zehar, haizeagatik, euriagatik, elurragatik, kostaldeko arriskuagatik eta olatuen altueragatik.
Zehazki, bi abisu egongo dira indarrean gaur 21:00ak arte haizeagatik, 110 km/h-ko haize-ufadak espero baitira haizeguneetan eta 80 km/h-koak toki babestuetan.
Gainera, barnealdean beste abisu bat ezarri dute elurragatik. Goizaldean, elur-maila 1.000 eta 1.100 metro artean egon da, baina 800-1.000 metro artean kokatuko da egunak aurrera egin ahala, eta 10 eta 30 zentimetro artean pilatu daitezke 1.000 metrora; hortik behera, ordea, ez da elurrik pilatzea espero.
Gipuzkoan, beste abisu bat ezarri dute 06:00etan, prezipitazio iraunkorrak espero baitira; izan ere, metro koadroko 60 litro baino gehiago pilatu daitezke ordubetean zenbait lekutan, ekialdean bereziki.
Alerta laranja indarrean sartu aurretik eta ondoren, bi abisu hori egongo dira, bata nabigaziorako, lehen bi milietan. Kostaldeko arriskuagatik izango da Segurtasun Sailak ostiral honetan ezarriko duen azken abisua, 5 metro inguruko altuera izan dezaketen olatuak izatea espero baitute.
Larunbatean, Gipuzkoan prezipitazio iraunkorrengatik ezarritako abisuaz gain (06:00ak arte egongo da indarrean), kostaldeko arriskuagatik ere aktibatuko da, lehenengo bi milietan 4-4,5 metroko olatuak espero baitira. Egunak aurrera egin ahala, ordea, 3,5 metrora jaitsiko dira.
Dena dela, eguraldiak hobera egingo du larunbatean. Hodeiak ugariak izango dira eta euria egingo du egunaren lehenengo partean, baina atertuz joango da arratsaldean zehar, eta ostarteak zabalduko dira gauean.