Gizartea -
Koronabirusa
Basurtuko Ospitaleak kafetegia itxi du, koronabirusaren hedapenari aurre egin nahian
Zuzendaritzak pertsona-taldeen bilerak saihesteko agindua eman du, eta higiene eta garbiketa-neurriak zorroztu ditu gaitza zabal ez dadin.
Agentziak | Erredakzioa
Basurtuko Ospitaleak kafetegia eta langileentzako jangela itxi ditu gaur, osteguna, toki horietan jende ugari biltzea saihesteko. Horrez gain, beste neurri higieniko batzuk ere hartu ditu koronabirusaren hedapenari aurre egin nahian. Gauzak horrela, erietxeko jangelak zaintza luzeetako txandetan soilik emango du zerbitzua.
Ospitale horretako iturriek jakitera eman dutenez, zuzendaritzak pertsona-taldeen bilerak saihesteko agindua eman du, eta higiene eta garbiketa-neurriak zorroztu ditu, hala nola ordenagailuak erabili ondoren produktu desinfektatzaile batekin garbitzea, eta ospitaleratutako pazienteei eta horien bisitariei korridoreetan ibiltzea debekatzea.
Halaber, logeletan egotea eta bisitan doazen senideen artean txandarik ez egitea gomendatu du zuzendaritzak, baita eskuak maiz garbitzea ere.
Basurtuko Ospitaleak kafetegia eta langileen jantokia itxi ditu goizean, duela egun batzuk hainbat patologiarekin larrialdietara iritsi zen pertsona bat ospitaleratu eta COVID-19 izenarekin ezagutzen den gaitzaren probetan positibo eman ostean. Gaixoa Gurutzetako Ospitalera eraman dute, eta han dago ospitaleratuta, iturri berberek jakinarazi dutenez.
Dagoeneko 21 kasu atzeman dira Euskadin (16 Araban, 2 Gipuzkoan eta 3 Bizkaian), eta atzo bertan koronabirusa zeukan pertsona bat hil zen Bizkaian. Gainera, 250 bat pertsona isolatuta daude prebentzio modura, gaitza zabal ez dadin; horietatik, ehun inguru osasun arloko langileak dira.