Gizartea -
Gaixotasuna
Koronabirusa zeukan 82 urteko gizon bat hil da Bizkaian, lehena Euskal Herrian
Gaixotasun kronikoak ere bazituen gizonezkoak, eta Bizkaian zendu da, Galdakaoko Ospitalean. Dagoeneko 24 dira Euskal Herrian gaitzarekin kutsatuta daudenak.
agentziak | erredakzioa
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak baieztatu du SARS-CoV-2 birusa zuen 82 urteko gizonezko bat hil dela Bizkaian. Gaixotasun kronikoak izateaz gain, pneumonia zuen, eta asteazken honetan eman du positibo koronabirus hori atzemateko proban. Euskal Herrian gaitza zuela hil den lehenengo pertsona da, eta Espainiako Estatuko bigarrena. Galdakaoko Ospitalean zendu da, Euskadi Irratiak baieztatu ahal izan duenez.
EAEn beste lau kasu atzeman dituzte azken orduotan, eta, beraz, 24 dira jada Euskal herrian zenbatu dituzten COVID-19 kasuak: 16 Araban, 2 Gipuzkoan, 3 Bizkaian, 2 Nafarroan eta 1 Lapurdin. Horietako 14 etxean daude, zaintzapean, eta beste 7 ospitalean daude; horietako bat, zainketa berezien unitatean.
Araban, beste hiru kasu positibo atzeman dituzte, eta 16ra igo da kopurua. Horietatik guztietatik, bost daude ospitalean. Gipuzkoan ez dago berritasunik, goizeko datuen aldean: 2 positibo daude, horietako bat ospitalean.
Bizkaian, bi ziren kasuak goizean, eta hirugarrenaren berri eman dute jada. Azken baieztapena, hain zuzen ere, hildakoarena da. Herrialde horretan, pertsona bat dago ospitalean, eta bestea etxean dago isolatuta, zaintzapean.
Gainera, gaur baieztatu dute lehenengo kasua Ipar Euskal Herrian, Baionan, alegia.
Bestalde, 250 pertsona isolatuta daude etxean, zaintzapean, eta horietako ehun inguru osasun arloko langileak dira.
Bihar Eusko Jaurlaritzaren Sailarteko Mahaia batzartuko da hirugarren aldiz, Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela, gaixotasunaren egoera zein den aztertzeko. Ondoren, Osasun Sailak azalpenak emango ditu.