Gizartea -
Koronabirusa
Lehen koronabirus kasua atzeman dute Ipar Euskal Herrian
Baionan bizi den 34 urteko gizonezkoa da, Italiatik heldu berria. Horrez gain, EAEn beste lau gaixo zenbatu dituzte. Araban kutsatutakoen artean bat larri dago, beste patologia batzuk baititu.
EITB.EUS
Pirinio Atlantikoetako Prefekturak baieztatu duenez, Ipar Euskal Herrian lehen koronabirus kasua atzeman dute. Baionan bizi den 34 urteko gizonezko bat da kutsatutakoa. Italian egon berri da, eta handik bueltan izan ditu lehen sintomak. Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) beste lau gaixo zenbatu dituzte: hiru Araban eta bat Bizkaian. Horrenbestez, 20 dira Euskal Herrian COVID-19ak jotakoak, eta horietako bi larri daude.
Prefekturak kaleratutako oharraren arabera, kutsatzea bart baieztatu dute. Berehala, COVID-19aren agerraldiari aurre egiteko protokoloa jarri zuten martxan, eta pertsona horrekin harremanak izan dituzten lagunak identifikatzen ari dira orain.
Prefekturak ez du eriaren osasun egoeraren berri eman.
Hori horrela, Euskal Herrian 20 dira koronabirusak jotakoak (baieztatutakoak): 17 Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), bi Nafarroan, eta bat, Ipar Euskal Herrian.
Lau kasu gehiago EAEn
Bestalde, Nekane Murga Osasun sailburuak eguerdian jakinarazi duenez, EAEn lau positibo gehiago atzeman dituzte: hiru Araban eta bat Bizkaian. Araban kutsatutako hiru pertsonetatik bi aurrez gaixotutakoekin kontaktuan egon ziren (zaintzapean zeuden); ez dakite zelan kutsatu den hirugarrena. Bizkaian, bigarren kasu bat baieztatu dute gaur. Erietxean dago eta ez dakite zelan kutsatu den.
Araban daude gaixo gehien (13) eta bina Gipuzkoan eta Bizkaian. Sei ospitalean daude.
Araban izandako positiboen artean bat larri dago, beste patologia batzuk tarteko.
Osakidetzak emandako aholkuak berretsi ditu Murgak. Halaber, adineko pertsonei eta gaixo daudenei etxebizitzako kontaktu gainazaletan "higiene neurriak handitzeko" eskatu die eta lixiba eta ura gomendatu ditu horretarako.
Bien bitartean, Nafarroan koronabirusak jota dagoen emakumeak larri baina egonkor jarraitzen du ZIUn, Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak jakinarazi duenez. Bikotekidea ere gaixotasuna du, baina arriskutik kanpo dago.
Txagorritxuko Ospitaleko langile bat ospitaleratu dute
Txagorritxuko Ospitalean lan egiten duten baina Errioxan eta Burgosen bizi diren bi emakumeren kasuak ere aipatu behar dira. Azken orduotan, erietxe horretako osasun arloko langile batek positibo eman du koronabirusaren probetan, eta une honetan Burgosko Unibertsitate Ospitalean dago, hiri horretan bizi baita.
Arrazoi horregatik, egunotan berarekin kontaktuan izan diren pertsonei probak egiten ari dizkiete, dagozkion prebentzio-neurriak hartuta COVID-19 gaitzaren hedapenari aurre egin nahian.
Medikuek, Valentzian kutsatu dela uste dute, izan ere, bere senide batzuk han bizi dira. Dena dela, ez dute baztertzen Gasteizen kutsatu izana, koronabirusa atzeman duten ospitalean lan egiten baitu.
Emakumea sukarrarekin ospitaleratu zuten, eta protokoloa ezarri ondoren, kutsatuta zegoela baieztatu zuten. Ordudanik, Burgosko Unibertsitate Ospitalean dago isolatuta.