Gizartea -

MARTXOAK 8

Mugimendu Feministak "benetako neurriak" nahi ditu, ez "hitz politak"

Emakumearen Nazioarteko Egunerako antolatu duten mobilizazioen programa aurkeztu dute.

Donostiako Mugimendu Feminista. Irudia: Donostiako Mugimendu Feminista.
Donostiako Mugimendu Feminista
Donostiako Mugimendu Feminista. Irudia: Donostiako Mugimendu Feminista.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Mugimendu Feministak haien eskubideengatik "borrokara batzera" deitu ditu emakumeak martxoaren 8an, eta, haien ustez, erakunde publikoek egiten duten "garbiketa morea" salatzera. Horrez gain, "benetako neurri, baliabide eta politika feministak" nahi dituztela adierazi dute, ez "hitz politak".

Mugimendu Feministako dozenaka kidek prentsaurreko bat eskaini dute Donostiako Emakumearen Etxean. Hartan, igandeko Emakumearen Nazioarteko Egunerako antolatu duten mobilizazioen programa aurkeztu dute.

Bozeramaile moduan jardun duten Carmen Altunak eta Flor Rodriguezek azaldu dutenez, 2018ko eta 2019ko greben ondoren, aurten ez dute geldialdirik deituko, baina kaleak beteko dituztela adierazi dute, "ozenki esateko pertsona gehienentzat jendarte eredu hau jasangaitza dela, bereziki emakumeentzat eta genero disidenteentzat".

"Indarrak antolatzeko eta batzeko" beharra azpimarratu dute, antolatutako mobilizazioetako leloak dioen bezala: "Antolatu indarrak, batu borroka feministara". Aldarrikatzen dutena "bestelako jendarte eredu emankor bat" dela nabarmendu dute.

“Ez dugu berdintasun formalik nahi, feminismo erradikal bat baizik", azaldu dute bozeramaileek, eta feminismo "antikapitalista, antifaxista, antikolonialista eta antikapazitista" babestu dute, "zapaltzen gaituzten sistemen kontra dauden guztiengatik".

Ekintzak tokikoak izan arren, haien ikuspuntua "globala" dela adierazi dute Donostiako aktibistek, "planeta osoko arreba feministekin" elkartuta baitaude, "neoliberalismoaren erasoari" aurre egiten diotela diotenekin.

Martxoaren 8ko mobilizazioei dagokienez, ekintzak aurreko egunean hasiko dituztela adierazi dute, Martuteneko espetxetik irtengo den "gurpilen gaineko" martxa batekin, presoekin elkartasunean. Gainera, bazkari eta afari popularra eta hainbat tailer eta hitzaldi ere izango dituzte Boulevardean, igandean ere irekita egongo direnak.

18:00etarako antolatutako "elkartasun" manifestazioa izango da igandeko ekitaldi nagusia, Gipuzkoako hiriburuko auzo desberdinetatik irtengo diren "zutabeekin". Alderdi Ederren elkarretaratze bat egitea ere aurreikusten dute eguerdirako, eta, hori baino lehen, "Erasotzailea zu zara" performancearen irudikapen bat, Gipuzkoako garbitzaileen eskutik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia bideoak Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Emakunde Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa Emakumeen Nazioarteko Eguna