Gizartea -

Luizia Zaldibarren

Bi segurtasun biltegi eraikiko dituzte Zaldibarren zabortegiko hondakinak gordetzeko

Bi gordailuak hondakindegiaren ondoko lurretan eraikiko dituzte, "berehala", eta bete ostean, zigilatu egingo dituzte. Jaurlaritzak Gobernu bileran onartu du neurria.

Hondakinen azpian desagertuta dauden bi langileen bilaketa lanak. EFEren artxiboko argazkia
Zaldibarren desagertutako bi langileen bilatze lanetan dabilen hondeamakinetako bat.
Hondakinen azpian desagertuta dauden bi langileen bilaketa lanak. EFEren artxiboko argazkia

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Otsailaren 6an amildu zen Zaldibarko zabortegitik erreskate eta eremuaren egonkortze lanetan kendutako 300.000 metro kubiko hondakin gordetzeko bi segurtasun biltegi eraikiko dituzte "aurki", gaur Eusko Jaurlaritzak Gobernu Bileran onartu duen dekretu baten arabera.

Ingurumen, Lurralde Antolaketa eta Etxebizitza Sailak ohar batean azaldu duenez, bi gordailuak hondakindegiaren aldameneko lurretan eraikiko dituzte, "ingurumen eragina ahalik eta txikiena izan dadin", hondakinak garraiatzea arriskutsua izan daitekeelako. Verter Recycling 2002 enpresaren eta beste ugazaba batzuen lursailetan kokatuko dituzte bi gordailuok, Zaldibarreko udalerrian bertan.

Biltegietako batek (zabortegiaren behealdean eraikiko dutena) 140.000 metro kubikoko edukiera du, eta bigarrenak (goialdean), 160.000 metro kubikokoa. Beteta daudenean, zigilatu egingo dituzte.

Ingurumen Sailak zehaztu duenez, salbuespenezko egoera tarteko, biltegiok eraikitzeko proiektu horretan ez dituzte halakoetan ohikoak diren ingurumenaren gaineko eraginaren eta lurzoruaren kalitateari buruzko azterketarik egingo, "legek horretarako aukera ematen du eta". Udal lizentziarik ere ez dute beharko. Dena dela, Sailak azpimarratu du "egokitasun azterketa" bat egin dutela.

Zaldibarko hondakinak arriskutsuak dira orain

Dekretuaren arabera, gordailuok "segurtasun berme guztiekin eraikiko dira, lurzoruaren inpermeabilizazioa, gasen irteera, eta uren drainatze eta biltze egokia bermatzeko". Behin biltegiak beteta, zigilatu egingo dituzte. Aurrena zabortegiaren behealdean kokatuko den 1. biltegia egingo dute, bost milioi euroko aurrekontuarekin.

Tamainako egoerak kudeatzen aditua den enpresa batek egin du proiektua. Izan ere, Zaldibarko zabortegiak hondakin ez-arriskutsuak bakarrik biltzen bazituen ere, luiziaren ostean, arriskutsutzat jo dituzte orain, amiantoarekin nahastu baitira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Ermua Eibar Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zaldibar Ingurumena Lur-jausiei buruzko albisteak Durangaldea albisteak