Gizartea -
Koronabirusa
Ospitalean dauden gaixoei logelatik irtetea debekatu die Osakidetzak
Ohar batean, "higiene neurriak are gehiago zorrozteko" eskatu die Osakidetzak osasun arloko profesionalei, koronabirusaren hedapena kontrolpean izateko asmoz.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ohar bat igorri die bere langile guztiei, COVID-19 izenarekin ezagutzen den koronabirusaren hedapena kontrolpean izateko asmoz. Gauzak horrela, ospitaleratuta dauden gaixoek ezingo dute beren logelatik atera erietxean dauden bitartean, ezta aldi berean bisitari bat baino gehiago izan ere.
Idatzi horretan, "higiene neurriak are gehiago zorrozteko" eskatu die Osakidetzak osasun arloko profesionalei, birusa zabaldu ez dadin. Horregatik, eskuak urez eta xaboiz garbitu behar dituzte, eta arnasketa arazoekin lotutako sintomak dituzten gaixoak maskarilla jarrita artatu behar dituzte, koronabirusaren susmorik hartu ez arren. Kasu susmagarriekin, gainera, hobeto babesteko jantzi bereziak erabili behar dituzte.
EAEko ospitaleetan nagusi den egoera ikusita, Osasun Zerbitzuak adierazi du, oro har, bertan behera geratzen direla ikastaro, batzar eta bileretara joateko baimen guztiak. Ondorioz, aurretik "antolatutako prestakuntza-jarduera guztiak bertan behera geratzen dira".
Ildo horretatik, edozein motatako elkarretaratze edo bilera saihestea gomendatzen die Osakidetzak osasun arloko profesionalei, eta, ahal dela, lankideen bilerak telematikoki egitea.
Horrez gain, sukarra edo arnas infekzio akutua duten profesionalei lanera ez joateko eskatzen die mezu horretan, eta kasu horietan arduradunekin hitz egitea.
Ospitaleetan, paziente bakoitzak bisitari bakarra izan dezake. Esan gabe doa debekatuta izango dituztela sukarra edo arnasketari lotutako sintoma akutuak dituzten senide edo lagunen bisitak. Gainera, gaixoak ezingo dira beren logeletatik atera erietxean dauden bitartean.
Gainera, koronabirus kasuren bat antzematen den ikastetxeetan, irakaskuntza-jarduera etengo da, bai graduetako praktikaladiak, bai bestelakoak.
Gasteizen, bertan behera utzi dituzte Olarizuko osasun etxeko kontsultak, eta oraingoz larrialdi kasuak besterik ez dituzte artatuko. Osasun Sailak azaldu duenez, prebentzio neurria da, kutsatuta dagoen gaixoetako batek zentro horrekin lotura izan lezakeelako. Halaber, Txagorritxuko ospitaleko kafetegia eta Basurtuko ospitaleko jantokia ere itxi dituzte.
Koronabirusak Euskadin sortutako egoeraren ondorioz, beste jarduera batzuk ere bertan behera utzi dituzte, adibidez, atzo arratsaldean Bizkaiko hiriburuan hastekoa zen Medikuntza Zientzien Akademiaren Giza Zientzien Astea, edo aste honetan Gasteizen egitekoak ziren Psikiatria Batzarra, 600 profesional biltzekoa zena, eta irailera arte atzeratu dutena.
Bestalde, Medikuntzan lizentziadunen lan-poltsa handitzeko premiazko deialdia egin du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak. Sei hilabeteko sei lanpostu kontratatzeko da, eta ez da hautaprobarik egingo, hau da, aukeraketa merituen araberakoa izango da. Izena emateko epea hilaren 9ra arte dago zabalik.