Gizartea -

ZALDIBARKO LUIZIA

Dioxinek eta furanoek "zabortegiaren ingurukoen osasun arriskuak areagotu dituzte"

Bestalde, Elgetako alkateak publikoki galdetu du airearen kalitateari buruz atzo kaleratutako neurketak "noiz eta non" egin diren eta Eusko Jaurlaritzatik jaso duen erantzuna salatu du.

Zaldibarko zabortegian izandako suteek eragin zuten dioxina eta furano maila igotzea. Argazkia: EFE
Zaldibarko zabortegian izandako suteek eragin zuten dioxina eta furano maila igotzea.
Zaldibarko zabortegian izandako suteek eragin zuten dioxina eta furano maila igotzea. Argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Otsailaren 6an Zaldibarko zabortegia erori eta ondorengo egunetan izandako suteen ondotik, inguru horretan bizi diren herritarrek jasan duten dioxina eta furano esposizioak "epe luzera izan ditzaketen osasun arriskuak areagotu" dizkiela ohartarazi du Eduardo Rodriguez-Farre Bartzelonako Ikerketa Biomedikuetarako Institutuko irakasle eta Europar Batasunaren Osasun Arrisku Berrien batzorde zientifikoko kideak Efe berri agentziari.

Rodriguez-Ferrek esan duenez, arrisku hori handiagoa da lurra egonkortzen eta desagertutako bi langileen bilaketa lanetan aritu diren langileen kasuan: "Inguru horretan egunak eta orduak jarraian lan egin dutenak dira, izan ere, sustantzia toxiko hauetara esposiziorik handiena jasan dutenak".

"Kontua ez da alarma sortzea, guztiok baitaramatzagu dioxinak organismoan" adierazi du zientzialariak, prozesu industrialek, hiri hondakinak errausteak eta beste errekuntza modu batzuk sortzen dituztelako.

Baina zabortegiko suteek eragindako kutsadurak osasun alarma sortu zuela gogorarazi du, egun batzuetan normala baino 50 aldiz balore toxiko altuagoak egon zirelako. Behin suteak itzalitakoan balio horiek maila normalera jaitsi ziren arren, sustantzia toxiko horiek zonaldeko naturan geratu direla adierazi du eta denborarekin, "elikadura katera gehituko" direla.

Adituak azaldu duenez, dioxinak eta furanoak "kutsagarri organiko iraunkor" gisa izendatzen diren sustantzia batzuen barruan daude. Erreketa prozesuaren ondoren airean barreiatzen dira eta herritarrengana arnastuta edo naturan geratu badira, elikadura bidez, iristen dira.

Organismoan pilatzen dira, "urte askotan"

Rodriguez-Ferrek dionez, agente kutsagarri hauek elikagaietan egotea da gizakiengana iristeko modurik ohikoena eta organismoan pilatzen dira "urte askotan". Horregatik, epe luzera, osasun arazo edo alterazioak eragin ditzaketela defendatzen du.

"Dioxinak egun batzuetan bakarrik arnasteak ez duela garrantzirik" ezin dela esan ere gehitu du zientzialariak. "Konposatu toxiko hauek gorputzaren gantzean pilatuta geratzen dira eta "gaur arnastu dudanaren erdia hor egongo da hemendik 10 urtera".

Dioxinen toxikotasuna, kantitate txikiena ere, "urte batzuen buruan" agertzen dela ohartarazi du, eta "hor, lurrean geratu diren sustantzia horiek hamarkadetan egongo dira mendi horietan, animalien larreetan, lurrean eta baratzetan, ez baitira suntsitzen".

Rodriguez-Ferrek iragarri duenez, Zaldibarko zabortegiaren inguruan bizi direnek ez dute bat-batean gaitz larririk izango toxiko hauen ondorioz, baina "arrisku handiagoa" izango dute etorkizunean alterazio hormonalak izateko, tiroideetako arazoak, intsulinarekin zerikusia dutenak eta sexu hormonekin zerikusia dutenak, esate baterako.

Elgetako alkatearen protesta publikoa

Eusko Jaurlaritzak airearen kalitateari buruzko azken txostena egin zuen publiko atzo arratsaldean eta bertan, neurtzen diren elementu guztiak balio normaletan daudela jakinarazi zuen Ingurumen Departamentuak bere Twitter kontuan: "Monitorizatzeko modu jarraituan jaso dira laginak zonan instalatutako bi laborategi mugikorretan, eta beste lagin batzuk eskuz jaso dira Ermua, Eibar, Zaldibar, Mallabia eta Elgetan" dio oharrak.

Horren aurrean, Iraitz Lazkano Elgetako alkateak publikoki galdetu du "neurketa horiek noiz eta non" egin diren eta bide ofizialetatik galdetu duenean jaso duen erantzuna salatu du.

Hemen Twitterreko haria:

Desagartutako bi langileen bila jarraitzen dute

Bestalde, Zaldibarko luizian desagertutako bi langileen bilaketa lanetan ari direnek gaur ere beharrean jarraitu dute B4 deituriko inguruan, Eusko Jaurlaritzak jakitera eman dutenez.

Gainera, baheketa-gunean espazioa liberatzen ere ari dira Joaquin Beltran eta Alberto Sololuzeren bilaketa lanekin jarraitu ahal izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Ermua Eibar Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zaldibar Ekologia azken ordukoa Euskal Herriko kutsadura Mendi-magaletako lur-jausiak Durangaldea gaur