Gizartea -

Zaldibarko luizia

Bizkaiak enpresari espedientea zabaldu dio A-8an eta N-634an egindako kalteengatik

Bestalde, Ingurumen Sailak jakitera eman duenez, bi langile desagertuak aurkitzeko bilaketa lanek B/4 zonaldean aurrera jarraitu dute ostiral honetan.

Bi behargin Zaldibarko (Bizkaia) zabortegian, ostiral honetan. Argazkia: EFE
Bi behargin Zaldibarko (Bizkaia) zabortegian, ostiral honetan. Argazkia: EFE
Bi behargin Zaldibarko (Bizkaia) zabortegian, ostiral honetan. Argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Foru Aldundiak Verter Recycling Zaldibarko zabortegiaren enpresa jabeari xedapen espedientea zabaldu dio, zaborren luiziak AP-8 autobidean eta Ermuko saihesbidean eragindako kalteengatik.

Bestalde, Ingurumen Sailak jakitera eman duenez, bi langile desagertuak aurkitzeko bilaketa lanek B/4 zonaldean aurrera jarraitu dute ostiral honetan, baina emaitza positiborik gabe. Gainera, B-2 gunean materiala ateratzen eta aztertzen hasi dira berriro.

Orain arte 5.525 tona zabor atera eta aztertu dituzte, horietako 3.825 B-4 gunetik, hain zuzen ere. Joaquin Beltran langile desagertuaren autoa bertan aurkitu zuten. Lursaila egonkorragoa da zonalde horretan.

Alberto Sololuze beste behargin desagertua B/1 gunean zegoela uste dute, zabortegiaren baskulan, hain zuzen ere. Bertatik 425 tona material soilik atera ahal izan dituzte oraingoz, zonaldea ez delako batere egonkorra.

Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak eman du xedapen espedientearen berri ostiral honetan, Batzar Nagusietan egindako agerraldian. Foru erakundeak epaiketan pertsonatuko dela iragarri zuen ostegunean.

Verter Recyclingi xedapen espedientea zabaldu diotela zehaztu du Pradalesek, AP-8 autobideko eta N-634 errepideko "osagaiei kalte egiteagatik"; izan ere, errepideen funtzionaltasunari eragin die ezbeharrak "eta, ondorioz, bide segurtasuna arriskuan jarri dute".

Ingurumen eta giza hondamendian erakunde publikoen arteko "lankidetza falta eta kudeaketa" kritikatu dute oposizioko taldeek.

Bestalde, zabortegia egonkortzeko lanei dagokionez, batez ere hondakindegiaren goialdean lanean ari direla azaldu du Ingurumen Sailak ohar batean, ezponda egonkortzeko eta suteak berriz piztea eragozteko.

Horretarako, Bizkaiko suhiltzaileek lantalde bat dute bertan.

Lantaldeak ostiral honetan jakitera eman duenez, arropa bereziekin jantzitako bi suhiltzailek mahuka bat erabili dute apar berezi bat botatzeko, sute arrisku handiena duen zonaldean. Ekintza behar beste aldiz errepikatuko dute arratsaldero.

Horrela, zabortegiko zonalderik beroenetan apar koltxoi bat osatzea espero dute, sua berpiztea eragozteko.

Era berean, luiziaren ezkerraldean sarbideak edo pistak irekitzen ari dira eta, besteak beste, goialdeko eta baskula inguruko hondakinak deskargatzen ari dira, B/1 gunean bilaketa lanak segurtasun handiagoarekin aurrera eraman ahal izateko.

Amonioa Aixola ibaian

Azkenik, Aixola ibaiko uraren kalitateak ez du aldaketarik. Zabortegiko isuri lixibiatuek kutsatu dute, eta aurreko egunetako egoera berdina da, hau da, DQO eta DBO amonio maila altuak neurtu dituzte bertan. Horregatik, eraikitako urmael batean urak gorde, eta ondoren kamioiak Elgoibarko araztegia eramaten ari dira, bertan garbitzeko.

URA agentziak jakinarazi duenez, astearte goizaldera arte 615 m3 (615.000 litro) ur lixibiatu bildu dituzte Elgoibarko araztegira eramateko, Aixola ibaian isurtzea saihestuz.

Zabortegiaren epaiketan Udala akusazio partikular izatea adostu dute Zaldibarko Udalbatzan ordezkaritza duten hiru indar politikoek, EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Ermua Eibar Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak A-8 Autobidea Zaldibar 634 errepide nazionala Enpresaburuak Luiziak Durangaldea