Gizartea -
Gipuzkoa
Fiskaltzak Cabezudoren aurkako ahozko epaiketa hastea eskatu du
Argazkilariari 47 delitu leporatzen dizkiote, tartean sexu-askatasunaren aurkako lau, intimitatearen aurkako 13, eta 8 adingabeak galbideratzeagatik.
agentziak | erredakzioa
Gipuzkoako Fiskaltza bat dator Kote Cabezudoren aurkako sumarioko gai nagusiaren inguruko ondorio autoarekin, eta leporatzen dizkioten 47 delituak argitzeko ahozko epaiketa abian jartzea eskatu du.
Efe-albiste agentziak jakinarazi duenez, Ministerio Publikoak Cabezudoren behin behineko espetxealdia luzatzeko deia ere egin du, prozedura "oso luzea eta zaila" delako eta kartzelan sartzea agindu zuteneko "egoera berean" dagoelako.
Izapide horren ostean, Gipuzkoako Auzitegiak akusazio partikularraren esku utzi du sumarioa, 10.342 orriko txostena, 30 eguneko epean jarreraren bat har dezan.
Prozedura hori da Cabezudoren aurkako auzi nagusia, beste batzuk, garrantzia txikiago dutenak, atera egin baitituzte beste prozedura batzuetara. Hori horrela, Cabezudori 47 delitu leporatzen dizkiote, bost delitu motakoak. Hala, sexu askatasunaren aurkako 4 delitu egozten dizkiote, intimitatearen eta norberaren irudiaren aurkako 13, 17 iruzur, 8 adingabeak galbideratzeagatik eta bost osotasun moralaren kontrakoengatik.
Era berean, dagoeneko preskribatuta dauden beste sei ustezko sexu-abusu kasu jasotzen ditu, baina horiengatik ez dute epaituko.