Gizartea -
GARRAIOA
Bizkaibusek Gaztelugatxerako zerbitzua biderkatuko du Aste Santuan eta jai egunetan
A3524 lineako autobusak ordu erdiro aterako dira Bermeo eta Bakiotik, 09:00etatik 20:00 arte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bizkaibusek Gaztelugatxera hurbiltzeko zerbitzu bereziak indartuko ditu Aste Santuan eta Aitaren Eguneko eta Maiatzaren 1eko zubietan. Autobusak ordu erdiro aterako dira Bakio eta Bermeotik. Aurreko urteetan orduro atera izan dira.
Miguel Angel Gomez Vidal Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren diputatuak asteazken honetan agerraldia egin du EH Bilduk Gaztelugatxearen harira egindako galdera bati erantzuteko. Koalizio soberanistak Gaztelugatxera ailegatzeko garraio publikoa aldarrikatzen du. Diputatuak adierazi duenez, erabaki hori Gaztelugatxeko erabilpen turistikoa eta inguruaren babesa bateragarriak egiteko Bizkaiko Foru Aldundiak hartutako neurrien artean dago.
Zerbitzu gehiago jarrita, bisitariak garraio publikoa erabiltzera bultzatu nahi dute, ibilgailuen zirkulazioa eta estazionamendua gutxituz. Foru Aldundiaren aurreikuspenaren arabera, 3.000 pertsona baino gehiago bertaratuko dira autobusez.
Bakio eta Bermeo arteko A3524 linea da indartuko dutena. Bi herri horietatik ordu erdiro aterako diren bi autobus egongo dira, 09:00etatik 20:00ak arte. Zerbitzu hori ondoko egunetan egongo da indarrean: martxoaren 19tik 22ra (San Josef zubia), apirilaren 9tik 13ra (Aste Santua) eta maiatzaren 1tik 3ra.