Gizartea -

Kooperazioa

Anna Ferrer kooperanteak 2019ko Ignacio Ellacuria saria jaso du

Eusko Jaurlaritzak ematen du golardoa. Epaimahaiak sarituaren ibilbide pertsonala eta berak Indiako komunitate behartsuenekin batera egindako lana goraipatu nahi izan ditu.

Anna Ferrer kooperanteak Gasteizen jaso du saria. Argazkia: EFE.
Anna Ferrer kooperanteak Gasteizen jaso du saria.
Garapenerako lankidetzaren Ignacio Ellacuria Saria jaso du Anna Ferrerrek

1:23

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Anna Ferrer kooperante britainiarrak Garapenerako Lankidetzako 2019ko Ignacio Ellacuria saria jaso du Gasteizen asteazken honetan. Eusko Jaurlaritzak ematen du golardoa, eta Iñigo Urkullu lehendakariaren eskutik jaso du. Epaimahaiak sarituaren ibilbide pertsonala eta berak Indiako komunitate behartsuenekin batera egindako lana goraipatu nahi izan ditu, batez ere emakumeekin egindako lana.

Eusko Jaurlaritzak Garapenerako Lankidetzako 2019ko Ignacio Ellacuria saria Anna Ferrer kooperante britaniarrari eman dio; Vicente Ferrer Fundazioaren presidentea izateagatik da batez ere ezaguna. Iñigo Urkullu Lehendakariak eman dio saria.

Kooperante britaniarrak erakutsitako konpromisoa, irmotasuna, antolaketa-gaitasuna, arrazionaltasuna eta sen ona saritu nahi izan ditu epaimahaiak. Halaber, lagundu nahi izan dute emakumeek garapenerako lankidetzan egiten duten izugarrizko ekarpena aitortzen eta ezagutzera ematen. 

Urkullu lehendakariak kooperantearen lana eskertu du: "Lankidetzari eskainitako bizitza da", adierazi du. Lehendakariaren hitzetan, lan horrek milaka pertsonaren patua aldatu du, duintasuna eta itxaropena itzulita. Ildo horretan, emakumeen bizi-baldintzak hobetzeko egindako lana goraipatu du.

"Eredua"

Iñigo Urkulluk iradoki du Anna Ferrerren esperientziak gizarte-enpresaren eredu gisa aztertzea merezi duela, garapenaren zerbitzura dagoen antolakuntza-makina eraginkor gisa, "emaitzak eta arima uztartzen jakin duen enpresa bat" baita. "Haren konpromisoak eta lanak, bost hamarkada baino gehiagoan, giza izaeraren onena uzten du idatzita gure historian", azpimarratu du.

"Sari hau 50 urte hauetako lanaren errekonozimendu bat baino gehiago da. Sari honek etorkizunera begiratzen du, Anna Ferrerren adibideak eta bere lanak hurrengo belaunaldientzat eraiki nahi dugun munduaren ezaugarriak proiektatzen dituztelako: komunitateen balioa, gizateriaren ikuspegi beti positiboa eta gizaki bakoitza aldaketarako eragile gisa aitortzea, bere horretan baliotsua", amaitu du.

1947an Erresuma Batuko Essexen jaiotako Anna Ferrer kooperantearen apustuak garapenerako lankidetzan erreferente izatera eraman du, Indiako komunitate behartsuenekin batera, bereziki emakumeekin, lan egiteagatik, errotze patriarkal handia duen herrialde batean.

Kooperanteak, Vicente Ferrer-ekin batera, Rural Development Trust, Vicente Ferrer Fundazioaren Indiako erakundea sortu zuen 1969an. Helburua zen herrialdeko hegoaldeko pobretutako eta baztertutako nekazaritza-komunitateak laguntzea. Emakumeak Indiaren aldaketan liderrak izan daitezen borrokatu izan du beti kooperanteak, eta, horretarako, hezkuntza ahalbidetzen duten ekimenak eta programak bultzatu ditu: osasun-arloan berdintasuna sustatzeko, ezkontza goiztiarrak ekiditeko, enpresa-sorkuntzarako, edo lidergoa sortzeko, besteak beste.   

Garapenerako lankidetzaren Ignacio Ellacuria Saria Eusko Jaurlaritzak ematen du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bidez. Sariaren xedea da aitortzea Euskadiko nahiz Euskaditik kanpoko erakundeek, kolektiboek edo norbanakoek herrien arteko berdintasunaren eta justiziaren alde eta pobrezia garaitzeko egindako lana. Era berean, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak lankidetzaren esparruko lorpen eta ekarpen esanguratsuen hedapena ere bultzatu nahi du, euskal zein nazioarteko gizartea sentsibilizatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Urkullu azken albisteak Eusko Jaurlaritza albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak