Gizartea -
Koronabirusa
Koronabirusarekin kutsatu diren zazpi pertsona daude Estatuan
Azken orduotan lau kasu baieztatu dituzte Tenerifen, eta bana Bartzelonan, Madrilen eta Castellonen. Bestalde, guztira 11 dira Italian koronabirus proban positibo eman ostean hildakoak.
agentziak | erredakzioa
Italia iparraldean agertutako koronabirusarekin kutsatutako zazpi pertsona daude Espainian. Izan ere, azken orduotan lau kasu baieztatu dituzte Tenerifen, eta bana Bartzelonan, Madrilen eta Castellonen.
Kanariar Uharteen kasuan, otsailaren 17an Italiatik itzuli zen bikote bat eta horren bi lagun dira koronabirusarekin kutsatutakoak.
Madrilen, Italiako iparraldera bidaiatu zuen 24 urteko gazte batek positibo eman duela baieztatu dute agintariek. Carlos III ospitalean dago, eta isolamendu unitate berezia dute bertan.
Gainera, Valentziako Erkidegoan beste koronabirus kasu bat baieztatu dute. Zehazki, gripeak eragiten dituen antzeko sintomekin Vila-Realgo (Castello) La Plana Ospitalera joan zen gizon baten kasua da. Azterketa egin ostean koronabirusa zuela baieztatu zuten.
Katalunian, Bartzelonan bizi den 36 urteko emakume italiar batek ere positibo eman du, otsailaren 11tik 22ra Italia iparraldean egon ostean. Horrez gain, Generalitateko Osasun Kontseilaritzak gaixoarekin harremanetan egon diren 25 pertsona identifikatu ditu, eta guztiak ongi omen daude, baina etxean 14 egunez isolatuta egon beharko dute.
11 hildako Italian
Bestalde, guztira 11 dira Italian koronabirus proban positibo eman ostean hildakoak. Azkena, 76 urteko emakume bat, Veneton, eta beste hiru hil dira azken orduotan Lonbardia eskualdean, birusak gogorren jo duen eskualdean. 240 pertsonatik gora kutsatu dira bertan, eta han daude guztiz isolatu dituzten udalerriak.
76 urteko emakumea kenduta, beste guztiak 80 urtetik gorakoak ziren: 84 eta 91ko bi gizon, eta 84ko emakume bat. Guztiak zeuden ahul, beste gaitzen batek jota, eta ospitalean artatzen ari ziren.
Italian 8.600 proba baino gehiago egin dituzte, eta 240k positibo eman dute Lonbardian; 43k, Veneton; 26k, Emilia-Romagnan; 3k, Piamonten, 3k, Lazion, 2k, Toscanan, 3k, Sizilian; 1ek, Sizilian; 1ek Ligurian, eta beste batek Bolzanon.
Kutsatutako 323etatik 114 daude ospitalean, eta 35, Zainketa Berezien Unitatean.