Gizartea -

Koronabirusa

Espainiako Gobernua eta erkidegoak, Italiako agerraldiaren aurkako erantzunaren bila

Espainiar Estatuko Gobernua autonomia-erkidego guztietako ordezkariekin bilduko da. Bitartean, Italiak baieztatu du zazpi lagun hil direla herrialdean, eta hegoaldean lehen kasua antzeman dutela.

Italian (irudi hau bertan hartu dute) zazpi lagun hil dira, koronabirusagatik. Argazkia: EFE.
Italian (irudi hau bertan hartu dute) zazpi lagun hil dira, koronabirusagatik. Argazkia: EFE.
Italian (irudi hau bertan hartu dute) zazpi lagun hil dira, koronabirusagatik. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak eta espainiar Estatuko autonomia-erkidegoek bilera egingo dute astearte honetan, koronabirusa Italian izaten ari den agerraldiaren aurkako erantzuna prestatzeko helburuarekin. Horrela, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak Ministerio arteko Batzorde bat deitu du, goizerako, eta gerora, arratsaldean, Osasun Sistema Nazionaleko Lurralde arteko Kontseilua bilduko da, Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak deituta. Autonomia-erkidego guztiek dute ordezkaritza Kontseilu horretan.

Koronabirusaren hedapena gera eta handiagoa da, mundu-mailan, eta testuinguru horretan egingo dituzte bilera horiek. Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatu du neurriak hartzea, piztea pandemia bilakatu ahal delakoan. Italian zazpi lagun hil dira, eta 230 lagun daude kutsatuta; hegoaldean, gainera, lehen kasua antzeman dute. Txinan 2.663 lagun hil dira, eta 77.658 lagun daude kutsatuta, eta Hego Korean zortzi herritar hil dira eta 833 kasu antzeman dituzte. Iranen ere da handia koronabirusaren eragina; izan ere, 15 lagun hil dira bertan, eta 95 kasu daude. Euskadin, "koronabirusak Italiako iparraldean izan duen hedatze azkarra" aintzat hartuta, Eusko Jaurlaritzak Milanen ikasten edo praktikaldian dauden bekadunei Italiatik "lehenbailehen" itzultzeko eskatu die. Espainian, astelehen honetan baieztatu dutenez, Tenerifen dagoen mediku italiar batek (turista da) positiboa eman du.

Pedro Sanchez buru izango duen Ministerio arteko Batzordea Moncloan egingo dute, astearte honetan egitekoa den Ministroen Bilera amaituta. Batzorde hori sortu eta gero, Osasun Sistema Nazionaleko Lurralde arteko Kontseilua batzartuko da.

Zazpi hildako Italian, eta lehen kasua herrialdeko hegoaldean

Bitartean, Italiak baieztatu du zazpi lagun hil direla herrialdean, dagoeneko, koronabirusagatik. 62 urteko gizon bat da azken biktima; dialisian zegoen, hainbat patologia pairatzen ari zelako, eta aurreko astean eman zuen positiboa, 'La Repubblica' egunkariak zehaztu duenez. Oraingoz, sei lagun Lombardian hil dira, eta beste bat Veneton, denak iparraldean; baina, Italiako agintariek jakitera eman dutenez, hegoaldean ere egiaztatu dute kasu bat dagoela, lehenengoa bertan. Milandik gertu dagoen Bergamo hirikoa den emakume bat da, eta oporretan zgeoen Palermon (Sizilia).

Datuak mahai gainean, Osasunaren Mundu Erakundeak ziurtatu du astelehen honetan oraingoz ez dagoela "pandemiaz" hitz egiterik, baina garaia dela, hori bai, "pandemia bati aurre egiteko prestatzeko". Txinako Osasun Ministerioak baieztatu du 2.663 lagun hil direla herrialdean agerraldiaren ondorioz, eta 77.658 pertsona daudela kutsatuta; Hego Korean zortzi herritar zendu dira, eta 833 kasu antzeman dituzte, 231 gaixo gehiago erregistratuta. Iranen ere gero eta kasu gehiago daude; dagoeneko, 15 lagun hil dira, eta 95 kasu.

Osasunaren Mundu Erakundeak, astelehenean iragarri duenez, zientzialari-taldeak bidaliko ditu Italiara eta Iranera, herrialde horietako Gobernuei laguntza ematea xede, koronabirusari aurre egite aldera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Txina EAE Europako herrialdei buruzko albisteak Espainiako Gobernua bideoak Espainia albisteak Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Iran albisteak Italiako albisteak Osasun albisteak Hego Korea Asia azken ordukoa Koronabirusaren Eris aldaera gaur