Gizartea -

KORONABIRUSA

Tenerifen koarentenan jarri dituzte 1.000 pertsona koronabirusagatik, Adejen

Kutsatua Kandelariako Gure Andre Maria Unibertsitate Ospitalera eraman dute.

Quiron Ospitalea. Irudia: Google Maps
Quiron Ospitalea
Quiron Ospitalea. Irudia: Google Maps

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Italiako turista batek koronabirusa atzemateko proban positibo eman ondoren, koarentenan jarri behar izan dituzte Tenerifeko H10 Costa Adeje Palace hotelean zeuden 1.000 pertsona baino gehiago, Diario de Avisos hedabidearen arabera.

Kutsatuak astebete zeraman Adejeko hotel horretan bere emaztearekin. Orain, Kandelariako Gure Andre Maria Unibertsitate Ospitalean dago.

Turista, koronabirus kasuak atzeman dituzten Italiako iparraldetik joandako mediku bat, Tenerife hegoaldeko Quiron klinikara joan zen gaizki sentitzen hasi zenean, eta positibo eman zuen koronabirusaren proban.

Hedabidearen arabera, Espainiako eta Italiako agintariek ezarritako protokoloari jarraituz, hotel horretako bezeroek debekatuta dute bertatik ateratzea.

Hotelaren barruan "normaltasuna" da nagusi, eta bezero guztiei jakinarazi diete egoera zein den; "kolaborazio handia" ari dira ematen agintariek ezarritako gomendioei jarraitzeko, Hotel eta Turismo Ostatuen Espainiako Konfederazioak esan duenez. Konfederazioaren hitzetan, hotela "ahal duen guztia ari da ematen" egoerari heltzeko, "erabateko ardura" ari da erakusten, eta protokoloko pauso guztiak ari da errespetatzen.

Sektoreak lasaitasuna eskatu du

Tenerifeko hotelariek lasaitasuna eskatu dute: "Gure osasun-sistema lehen mailakoa da, eta ezarritako protokoloak abian daude, eta ondo dabiltza", nabarmendu dute. Gainera, eskatu dute gezurrik ez zabaltzeko, eta beti jotzeko informazio-iturri ofizialetara; kasu honetan, Kanarietako Gobernura. "Osasun-kontua da, baina, jakina, eragina du sektore turistikoan", berretsi du Konfederazioak.

Bertan dauden 1.000 lagunei, H10 Costa Adeje Palace hotelak eskatu die geletan egon daitezen, kontrol medikua egin arte. Hoteleko iturriek Antena 3 kateari azaldu diotenez, harreratik banan-banan deitu diete bezeroei, azaltzeko koarentenaren neurria indarrean sartuko zela, osasun-talde bat bertaratu arte.

"Eskatu digute oraingoz gelan gera gaitezen, eta familiak esan digu, kanpotik, kutsatutako mediku bat zegoela hotelean. Ez dakit zer egingo duten gurekin. Lasai gaude, oraingoz ez dago inolako arazorik", esan du eguerdian turistetako batek, gelatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia bideoak Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Kanariak