Gizartea -
Soldata Berdintasunaren Eguna
Emakunde: Soldata arrakalak emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasuna betikotzen du
Emakumeek gizonek baino % 24 gutxiago kobratzen dute EAEn, eta bi sexuen soldata diferentzia 7.500 euro ingurukoa da.
Agentziak | Erredakzioa
Emakunde Emakumearen Euskal Institutuak salatu duenez, soldata arrakala "egiturazko" arazoa da eta emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasuna eragin eta betikotzen duen faktoreetako bat.
Bihar, otsailaren 22an, Emakume eta Gizonen Soldata Berdintasunaren aldeko Eguna dela eta gogoeta hori egin du Emakundek. Ohar batean azaldu duenez, soldata diskriminazioa "arazo konplexua eta dimentsio anitzekoa", eta horri heltzeko erantzun integrala behar da nahastutako eragile eta eremu guztietatik.
Egun, emakume eta gizonen arteko soldata diferentzia 7.500 euro ingurukoa da EAEn —INEren Soldata Egituraren Inkesta—. Langile bakoitzeko bataz besteko irabaztea 31.000 euro ingurukoa da gizonen kasuan, eta 23.500 euro ingurukoa emakumeen kasuan. Sektoreak kontuan izanda, diferentzia handienak zerbitzuen sektorean dira, hain justu, emakume gehien duen sektorean.
Era berean, gogora ekarri du "Genero-arrakala Euskadiko lan-merkatuan" azterlanaren datuak. Horren arabera, sexuagatiko bereizketa okupazionala da soldata arrakalan gehien eragiten duen faktorea, % 35era arte.
Ikerketaren arabera, "arrakala sortzen laguntzen duten faktoreetako bat lan-merkatuan lan egindako orduen kopurua da. Lanaldi partzialak, Euskadin, gizonen % 7an bakarrik du eragina, emakumeen % 25aren aldean. Partzialtasuna, ondorioz, emakumeen artean gertatzen da ia osorik eta borondatez kontrakoa da gehien-gehienetan, lanaldi partziala duten lau emakumetatik bik bakarrik adierazten baitute egoera horretan daudela lanaldi osoa izateko aukerarik ez dutelako, eta lau emakumetatik batek dio senideak zaindu ahal izateko duela lanaldi partziala".