Gizartea -
Zaldibarko luizia
Osasun Sailak prebentzio neurriak ezarri ditu berriro Ermuko San Lorentzo auzoan
Osasun sailburuordeak zehaztu duenez, etxea ez egurasteko eta aire librean kirola ez egiteko gomendioa Ermuko auzo horretan bakarrik egongo da indarrean, eta betiere sutea piztuta dagoen artean.
EITB.EUS
Zaldibarko zabortegian bart piztu den sutea dela eta, airearen kutsaduragatik prebentzio neurriak hartzeko gomendioa egin du gaur Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Hori bai, aholku hori Ermuko (Bizkaia) San Lorentzo auzoko bizilagunei bakarrik egin die, sutea dagoen lekutik oso hurbil baitaude. Hala, etxea ez egurasteko eta aire librean kirola ez egiteko gomendatu die herritarrei.
Iñaki Berraondo Osasun sailburuordeak azaldu duenez, Ermuko beste auzoetan eta Eibarren, Zaldibarren eta Elgetan ez da halako prebentzio neurririk behar. Eusko Jaurlaritzak atzo arratsaldean kendu zituen airearen kutsaduragatik ezarritako prebentzio neurriak. Osasun Sailak Zientzia Ikerketaren Goi Mailako Zentroak eskualdeko kutsaduraren inguruan egindako analisien emaitzak ezagutu ondoren hartu zuen erabakia.
Zaldibarko zabortegiaren inguruko egoerari buruzko koordinazio eta jarraipen mahai teknikoaren eguneroko bileraren ostean egin ditu adierazpenak Berraondok, Ernesto Martinez de Cabrero URAko zuzendari nagusiarekin batera egindako agerraldian. Sailburuordeak "lasaitasunerako deia" egin du, "unean uneko egoera bat" delako. Horren hitzetan, adituek espero zuten hondakindegian sute gehiago piztea, eta, hori dela eta, suhiltzaile talde bat eremua zaintzen ari zen.
Suhiltzaileek goizean lortu dute sutea kontrolpean hartzea, eta "bi orduren buruan" amatatuta izatea espero dute.
Hala, prebentzio neurriak laster kenduko dituzten itxaropena agertu du Berraondok.