Gizartea -
Zaldibarko luizia
Zaldibarren ura arazteko iragazkiak saltzeko iruzur batez ohartarazi dute
Horrelako eskaintzarik jasoz gero, Ertzaintzari jakinarazteko eskatu die Udalak herritarrei. Berrizen ere antzeko iruzur batez ohartarazi du Udalak.
Agentziak | Erredakzioa
Zabortegiko luiziak eragindako ezinegonaz baliatuta, iruzurra egiten ari direla ohartarazi du Zaldibarko Udalak.
Ura arazteko iragazkiak eta uraren kalitatea neurtzeko ikerketak eskaintzen dituzten saltzaileak antzeman dituzte herrian.
Iruzurgileak zabortegiaren luiziak herrian sortutako osasun-alerta haien interesetarako erabiltzen ari dira.
Horrelako eskaintzarik jasoz gero, 112 larrialdietarako telefonora deitzeko eskatu die Udalak herritarrei.
Berrizko Udalak ere beste iruzur batez ohartarazi du. Osakidetzako langileak direla esanez, telefonoz hitzorduak jartzen dituzte eta etxez etxe joaten dira ura arazteko iragazkiak saltzeko asmoz.