Gizartea -
Zaldibarko luizia
Eibarrek eta Ermuak bertan behera utzi dituzte inauterietako ekimenak
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren gomendioei jarraituta hartu dute erabakia. Aire kalitateari buruzko datu berriak ostegunean jakinaraziko dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Eibarko Udalak inauterietako ostegunerako prest zituen jai-jarduerak bertan behera utzi ditu, Zaldibarko zabortegiko emisioek eragindako kutsadura tarteko.
Ildo berean, Ermuko Udalak ostegunerako eta ostiralerako aurreikusita zeuzkan ekimenak atzera botatzea erabaki du.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren gomendioei jarraituz eta ikastetxeetako arduradunekin eta inauterien antolakuntzan parte hartu duten elkarteekin adostuta hartu dute erabakia.
Airearen kalitateari buruzko datu berriak ostegun honetan jakinaraziko dituzte. Emaitzak bestelakoak badira eta Osasun Sailak kalean jarduerarik ez egiteko gomendioa indargabetzen badu, ostegun honetako ekimenak datorren asteartean egingo dituztela zehaztu du Eibarko Udalak.
Udalak ohartarazi duenez, hilaren 20ko egitaraua bertan behera utzita, erdigunea ez da oinezkoen gunea izango.
Ermuko Udala osteguneko datuen zain geratu da eta orduan erabakiko du jai-egitarauarekin aurrera segitu ala ez.