Gizartea -

Ertzaintzaren operazioa

Bizkaiko, Nafarroako eta Kantabriako etxeetan lapurtu zuen talde bat desegin dute

Taldeko lau ustezko kideak atxilotu eta kartzelatu dituzte. Guztira, 10 lapurreta egotzi dizkiete, tartean Derion (Bizkaia) egindako bi eta Berriobeitin (Nafarroa) egindako hiru.

Bi lapur Berrioplanoko etxebizitza batera sartzen. Ertzaintzaren kamerek jasotako irudia.
Bi lapur Berrioplanoko etxebizitza batera sartzen.
Bi lapur Berrioplanoko etxebizitza batera sartzen. Ertzaintzaren kamerek jasotako irudia.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzaren Ikerketa Kriminalerako Unitateko agenteek Bizkaiko, Nafarroako eta Kantabriako hainbat etxetan lapurretak egin zituen gaizkile talde bat desegin zuten joan den ostiralean Artziniegan (Araba). Operazioan, taldearen lau ustezko kideak atxilotu zituzten, eta Amurrioko epaitegi batek kartzelara bidali zituen atzo. Guztira, 10 lapurreta egotzi dizkiete: Derion (Bizkaia) egindako bi; Berriobeitin (Nafarroa) egindako hiru, eta Bo de Pielagos eta Polanco herrietan (Kantabria) egindako bost.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean adierazi duenez, taldea "oso aktiboa" zen eta lapurretak "prestakuntza handiarekin eta metodologia paramilitarra erabilita" egiten zituzten. Kontrazaintza ere baliatzen zuten, Poliziak ez atzemateko.

Ertzaintzak otsailean hartu zion susmo txarra taldeari. Gaizkileek etxe bat alokatu zuten Artziniegako kanpoaldean, eta erreserba Frantziatik egin zuten Internet bidez. Horrez gain, agenteek baieztatu zutenez, Bartzelonan alokatutako auto bat erabiltzen zuten batetik bestera mugitzeko.

Agenteek egindako zaintzari esker jakin ahal izan zutenez, taldea gauez aritzen zen. Euskal Autonomia Erkidegoan ez ezik, Nafarroara eta Kantabriara ere joan zirenez, Kantabriako Guardia Zibila eta Foruzaingoa ohartarazi zituen Ertzaintzak, eta baita "lankidetza oparoa" lortu ere.

Proba nahikoa bildu ostean, hilaren 14an egin zuen operazioa Ertzaintzak Artziniegan, eta taldearen ustezko lau kideak atxilotu zituen. Bi emakume ere atxiki zituzten, baina gerora aske geratu ziren.

Etxebizitzaren miaketan, 2.000 euro dolar eta lapurretetan ebatsitako objektu batzuk topatu zituzten agenteek. Adibidez, Nafarroako etxebizitza batean ostutako arma batzuk zeuzkaten.

Atxilo hartutako gizonek dokumentazio faltsua zuten, eta hainbat deliturengatik aurrekariak zituzten.

Ertzaintzak zabalik du ikerketa, beste lapurreta batzuekin zerikusia ote duten argitzeko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Bizkaia Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Derio Kantabria Foruzaingoa Lapurretak albisteak