Gizartea -
Zaldibarko luizia
Zaldibarko egoeraren berri emango die gaur batzorde tekniko batek Ermuko bizilagunei
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Zaldibarko zabortegitik gertu dauden udalerrietan leihoak itxita izateko eta kalean kirolik ez egiteko gomendioari eusten dio.
Agentziak | Erredakzioa
Zaldibarko zabortegian luizia izan ondoren sortutako krisiaren inguruko azken ordukoaren berri emango die gaur, astelehena, arlo askotako batzorde tekniko batek Ermuko bizilagunei, 19:00etan, Ermua Antzokian egingo duten bilera irekian.
Udalak jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzako eta Osasun eta Ingurumen sailetako ordezkariek, Uraren Euskal Agentziako kideek, Gipuzkoako Ur Partzuergoko ordezkariek eta Ermuko Udaleko ordezkariek hartuko dute parte topaketa horretan.
"Otsailaren 6an izandako gertaeraren ondorioak jorratzen ari diren eragileen artean, azalpen publiko zuzena eta koordinatua emateko aukera aztertu ondoren egin da deialdia", azaldu du Udalak ohar batean.
Testuinguru horretan, Ermuko Udalak gutuna bidali die herritarrei, lasaitasuna eskatu eta hartzen diren datu eta erabakien berri emateko. Gutunaren arabera, kontrolerako protokolo sakonagoak eta egunerokoak aktibatu ostean, laginketa horien datuek adierazten dute eremua normaltasun-parametroen barruan dagoela eta airearen eta uraren kalitatea ona dela.
Kalean kirolik ez egiteko gomendioari eusten dio Jaurlaritzak
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Zaldibarko zabortegitik gertu dauden udalerrietan leihoak itxita izateko eta kalean kirolik ez egiteko gomendioari eusten dio, airean dioxina eta furano maila altuak neurtu direla eta, hondakindegiaren goiko aldean piztutako suak eraginda.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak sare sozialetan zabaldutako azken mezuan, aurreko egunetan ezarritako prebentzio neurriei eustea eskatzen die Zaldibar, Ermua eta Eibar udalerrietako biztanleei (46.000 bat dira guztira).
Zabortegiko hondakinetako suteetan dago kutsaduraren jatorria. Otsailaren 6an izandako luizian bi langile desagertu ziren, eta oraindik ez dituzte topatu.
Azken orduotan hartutako laginen emaitzak izan arte, Ingurumen Sailak leihoak ahalik eta denbora gehien itxita izateko eta kalean kirolik ez egiteko aholkatu die bizilagunei, "beste abisu bat eman arte".
Inguruko airearen kalitatea egiaztatzeko Eusko Jaurlaritzak egunero aztertzen dituen gainerako laginei dagokienez, "Euskal Autonomia Erkidegoko hiri-inguruneen ohiko balio egonkorra erakusten dute neurketek".