Gizartea -
Donostia
Santi Cocaren heriotzarekin zerikusia dutelakoan espetxeratutako bost gazte, aske
Bakarra geratu da kartzelan. Adingabe donostiarra ospitalean hil zen, bi egun koman eman ondoren. Borrokaldi batean larri zauritu zuten 2019ko apirilaren 26an.
Agentzia | Erredakzioa
Santi Cocaren heriotzarekin zerikusia dutelakoan espetxeratutako sei gazteetatik bost behin-behineko askatasunean uzteko agindua eman du Donostiako instrukzio-epaitegi batek, auziko iturriek jakitera eman dutenez. Adingabe donostiarra borrokaldi baten ostean hil zen.
Auzitegiko medikuek egindako autopsiaren txostena otsailaren 5ean argitara eman zuten. Autopsiaren arabera, gazteak izan zituen traumatismoak “ez ziren larriak izan”, baina garuneko odoljarioa zerk eragin zuen ez dute zehaztu, "homizidioa" edo heriotza "naturala" ondorioztatu barik.
Santiago Cocak bi egun koman eman zituen ospitalean, apirilaren 26ko goizaldean pertsona talde batek Donostiako diskoteka baten kanpoaldean eraso egin ondoren. Donostiako udaletxearen eta Klub Nautikoaren artean gertatu zen erasoa, Kontxako Pasealekuaren hasieran.
Borrokaldi bat izan zen bertan, zeinean hildako adingabea larri zauritu zuten. Coca Reocinen (Kantabria) eta Gipuzkoako hiriburuan bizi zen.
Gaztea suspertzeko maniobrak egin zituzten osasun-langileek, eta, ondoren, Donostia Ospitalera eraman zuten oso egoera larrian. Bi egun geroago hil egin zen.
Ertzaintzak zazpi gazte atxilotu zituen, baina Guardiako Epaitegiak horietako sei bidali zituen soilik espetxera: Errumaniako hiru gazte, Aljeriako beste bat, marokoar bat eta espainiar bat. Apirilaren 29tik guztiak kartzelan zeuden.
Autopsiaren behin betiko emaitzen berri izan ondoren, gazteen defentsak aske uzteko eskatu zuen. Horietako bosten kasuan baiezko erantzuna eman du instrukzio-epaitegiak, eta Fiskaltza ez da erabakiaren aurka azaldu. Aljeriako gazteak, ostera, espetxean jarraituko du.
Hala ere, epaitegiak kautelazko neurriak ezarri dizkie, ihes egitea saihesteko. Horrela, pasaportea kendu die, atzerrira bidaiatzea debekatu die eta 15 egunik behin egoitza judizialean agerraldia egin beharko dute.