Gizartea -
EABI 2018 inkesta
EAEn bizi diren migratzaileen ia % 60k lana dute
Euskadin bizi diren migratzaile atzerritarren % 25ek baino gutxiagok ez dute diru-sarrerarik; % 7,6k DBE dute baliabide-iturri nagusi. 211.208 migratzaile bizi dira Euskal Autonomia Erkidegoan.
EiTB.EUS
Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren 211.208 migratzaileen ia % 60k lana dute, % 25ek baino gutxiagok ez dute diru-sarrerarik, eta % 7,6k Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta dute baliabide-iturri nagusi. EABI 2018 Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren Etorkin Atzerritarrei buruzko Inkestaren datuak dira; asteazken honetan aurkeztu du ikerketa Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak.
Inkestaren arabera, EAEn bizi diren herritarren % 9,7 migratzaile atzerritarrak dira; % 55,1 emakumeak dira. "Immigrazioa eta dibertsitatea, jada eta betiko, estrukturalak dira gure gizartean", adierazi du sailburuak.
Artolazabalek azaldu duenez, Euskadiren egoera ekonomikoaren hobekuntza migratzaileek ere antzeman dute; izan ere, lana duten migratzaileen kopuruak gora egin du, diru-sarrerarik ez dutenen ehunekoa jaitsi da, eta DBE baliabide-iturri nagusi duten lagunen kopurua ere murriztu da, erdira.
EABI 2018ko datuek, halaber, erakusten dute batez besteko diru-sarrerak gora egin duela, eta migratzaileen pertzepzio propioak ere hobera egin duela: "Egoera erosoan edo oparoan sentitzen direnen ehunekoa % 32,5era arte igo da", gaineratu du sailburuak. Migratzaileen egoera administratiboa ere hobetu da; izan ere, egoera irregularrean daudenak % 4,6 inguru dira, eta, bitartean, nazionalizazioek eta asentamendu iraunkorreko egoeren kopuruak gora egin du.
Hainbat arazo, agerian
EABIn, sailburuak esan duenez, herritarren artean prekarietate-, zaurgarritasun- eta hauskortasun-arazoak ere agertzen dira; batez ere, jatorri afrikarra dutenen artean, eta, neurri txikiagoan, Latinoamerikako zenbait herrialdetakoen artean. Halaber, diskriminazio-pertzepzio subjektiboa pixka bat handitu da, "ia % 90ek bertako herritarren artean integratzeko arazorik ez dutela aitortzen duten arren".
Artolazabalek jatorri txinatarra duen kolektiboaren errealitatea zehatzago aztertu du; izan ere, beste leku batzuetan kolektibo txinatarraren aurkako erreakzio xenofoboak sortzen hasi dira: "Azpimarratu behar da osasun-arazoa koronabirusaren gaixotasunak eragiten duela, eta ez Txinako herritarrek".
"EABI 2018 honetan bildutako datuek baikor izatera eramaten gaituzte, beste herrialde batzuetan jaiotako euskal herritarrekin gure gizarteak duen ahalmen inklusiboa ikusita. Krisi ekonomikoa gainditzeak herritar berri horien integrazioa hobetu du. Euskadiko gehiengo politiko eta sozial zabalak izenpetutako Migraziorako Euskal Itun Sozialerako Proposamenak gizarteratze eta elkarrenganako onura hori hobetzeko esparrua eskaintzen digu", amaitu du sailburuak.