Gizartea -
Lur-jausia Bizkaian
Zaldibarren desagertutakoen bilaketa eten dute, lurraren ezegonkortasunagatik
Bilaketa lanetan parte hartzen duten beharginentzako arriskuaren aurrean lanekin ez jarraitzea aholkatu dute geologoek.
Agentziak | Erredakzioa
Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiko luizian desagertutako bi langileen bilaketa lanak bertan behera geratu dira gaur goizean, hirugarrenez lur eta zabor uholdea gertatu zenetik, lurraren ezegonkortasuna eta lur jausi berriak gertatzeko arriskua ikusita.
Ingurua bisitatu ostean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak komunikabideei adierazi die geologoek aholkatu dietela lanekin ez jarraitzea, baliabide mekanikoen laguntzaz bilaketa lanetan parte hartzen ari diren beharginentzako arriskuaren aurrean.
Luiziaren punturen batean lanekin jarraitzea posible ote den aztertu behar dute orain geologoek; eta, hori posible ez bada, beharrezkoa izango da lurrak egonkortzea. Luiziak milioi erdi metro kubiko industria-hondakin baino gehiago eraman zituen.
Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak, Beltran de Herediarekin batera izan dena, ziurtatu du inguruan egiten ari diren airearen neurketek "maila normalak" islatzen dituztela, eta ez dagoela inolako arriskurik inguruko herrietako ur hornidurarako; beraz, esan du "ez deka alarmarik sortu behar".
Arriolaren esanetan, airearen kalitatea neurtzeko sistemak jartzeaz gain, unitate mugikor bat ereman dute, "uneoro" bermatzeko airearen kalitate horrek "beharrezko baldintzak" betetzen dituela, eta, arazoren bat balego, Osasun Sailarekin zuzenean koordinatuta egoteko, eta herritarrei jakinarazi "badaezpadako neurriren bat" hartu behar ote den.
Azaldu duenez, orain arte neurketak "positiboak" izan dira, baina zaintza sistema mantentzen dute, "hori egitea beharrezkoa delako". Horrez gain, ibaietara egiten diren isurketen ikuspuntutik ere uren kalitatea kontrolatzen ari direla adierazi du, eta "orain arte ez dago arrazoirik inguruko ibai eta erreketan kalteak eragiten ari direla pentsatzeko", esan du. "Ez da kutsadurarik antzeman", gaineratu du.
Inguruko herrietako uraren hornidurarako ere "inolako arriskurik" ez dagoela adierazi du Arriolak. Sailburuaren esanetan, hori izan da orain arte "lehentasunezkoena eta premiazkoena"; "hemendik aurrera beste gai batzuk jorratu beharko dira", hala nola, erorketaren balizko arrazoiak eta "zabortegian hartu beharko diren sakoneko neurriak".
Sailburuak gogorarazi duenez, Eusko Legebiltzarrean agerraldia egitea eskatu du, haren Sailak Verter Reciclyng Ingurumen Agintaritza Integratuaren inguruan egingo dituzten jardueren berri emateko, baita etorkizunean "segurtasuna emateko" hartu beharko diren neurrien berri emateko ere.
"Datozen egunetatik aurrera, sakonagoak diren beste gai batzuei ekin beharko diegu, gure Sailaren erantzukizunetik sakonagoak direnak, hala nola zer gertatu den ikertzea, zabortegia erortzearen arrazoia zein izan den, enpresari dagokion espedientea bideratzea eta enpresari berari eskatzea lurra egonkortzeko eta lurrak mugitzeko irtenbideak aurkez ditzala", gaineratu du.
Bestalde, gogorarazi du zabortegia ez dela Eusko Jaurlaritzaren zabortegia, enpresa pribatu batena baizik, eta "gertatutakoaren gaineko erantzukizuna" duela. "Guk, administrazio gisa, egin behar duguna da enpresari eskatu sortutako arazoa ahalik eta eperik laburrenean konpontzeko beharrezkoak diren neurriak aurkez ditzan".