Gizartea -

EPAIKETA AZKARRA

8 hilabeteko kartzela-zigorra jarri diote ostiralean Altsasun atxilotutako gazteari

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakitera eman duenez, gaur bertan epaiketa azkarra egin diote. Guardia zibil bat jo izana onartu du baita kartzela-zigorra eta isuna ordaintzea ere.

Nafarroako Justizia Auzitegia. ETBren bideo batetik hartutako irudia.
Nafarroako Justizia Auzitegia.
Nafarroako Justizia Auzitegia. ETBren bideo batetik hartutako irudia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostiral goizaldean Altsasun guardia zibil bati eraso egitea leporatuta atxilotu zuten gazteari zortzi hilabeteko kartzela-zigorra jarri diote "autoritatearen kontrako atentatuagatik". Gainera, 100 euroko isuna ordaindu beharko du lesio arinengatik eta eta 400 euroko kalte-ordaina eman behako dio agenteari, lesio horiengatik.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakitera eman duenez, gaur bertan epaiketa azkarra egin diote Iruñeko Justizia Auzitegian eta gazteak gertatua eta zigorra onartu ditu

Irmoa da sententzia, ezin da errekurritu. Epaileak, gainera, bertan behera utzi dio kartzela-zigorra hurrengo bi urteetan deliturik ez egitearen truke, isunak eta kalte-ordainak ordaintzearen truke, eta tratu berdintasunaren inguruko formazio programa batean parte hartzearen truke.

Epaiak frogatutzat ematen du atzo goizaldean ezezagun batzuek kristal-edukiontzi batzuk irauli zituztela Altsasuko Garcia Ximenez kalean eta Guardia Zibila joan zela bertara.

Agenteak hainbat lagun identifikatzen saiatzen ari zirela, "autoritatearen printzipioa gutxiesteko asmoz, eta jarrera bortitz eta oldarkorrarekin, bizkarrean gogor jo zuen agente bat gazteak" dio epaiak.

"Gerrialdea minduta eta hazita geratu zitzaion agenteari, eta zorabioak eta antsietatea jasan zituen. Medikuak ikusi behar izan zuen eta 5 egunez bizi kalitatea pittin bat galduko zuela iragarri zion". Hala, agentea bajan egongo da otsailaren 10era arte, baina ez duela ondoriorik izango ere aipatzen du ebazpenak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea gaur Nafarroa Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Altsasu Gazteak Nafarroako JANren epaiak