Gizartea -
Luizia
Amiantoagatik herritarrentzako arriskurik egotea baztertu du Ermuak
Hala jakinarazi du Udalak, ostegun honetako lur-jausiaren ostean. Hondakindegi batean jazo da luizia, eta, besteak beste, amiantoa zegoen bertan.
Agentziak | Erredakzioa
Ermuko Udalak argi utzi du ez dagoela "herritarrentzako inolako arriskurik" ostegun honetan izandako luiziagatik; hondakindegi batean jazo da lur-jausia, eta, besteak beste, amiantoa zegoen bertan, baina; Udalaren esanetan, ez da herritarrentzako arriskutsua.
Hala esan du udal-gobernuak Twitterreko bi mezutan; bertan azaldu du Eusko Jaurlaritzak balizko arriskurik baztertu duela, eta iragarri du hondakinak kentzeko lanak berriro hasi dituztela.
Bestalde, Ermuko Udalak esan du goizean zabaldu dela udalerriko saihesbidea, N-634 errepidean. Luiziaren ostean, itxi zuten, AP-8ko lau erreiekin batera.
Errepidea garbitzeko, Foru Aldundiak 45 lagun mobilizatu zituen; hamabi orduz jarraian izan ziren lanean, Ermuko Udalak adierazi duenez.
Langile horiek ondorengoak erabili zituzten: sei atzerako hondeamakina, ur-zisterna bat, bi garbitzaile, beso-kamioi bat, pintzadun kamioi bat, hiru argi-dorre, bost ebakitzaile, drone-ekipo bat eta zisterna-kamioi bat, erregaiaz hornitzeko.