Gizartea -

Martxoaren 14tik aurrera

3.024 lagun gehienez sartu ahal izango dira egunero Gaztelugatxera, erreserbatuta

Martxoaren 14tik aurrera, Bizkaiko Foru Aldundiak mugatuta izango du Gaztelugatxera sartu ahal izango diren lagunen kopurua; gainera, ezinbestekoa izango da aldez aurretik erreserba egitea.

Julen Iturberen Gaztelugatxeko argazkia.
Julen Iturberen Gaztelugatxeko argazkia.
Julen Iturberen Gaztelugatxeko argazkia.

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

3.024 lagun gehienez sartu ahal izango dira egunero Gaztelugatxera, aldez aurretik erreserba eginda, Bizkaiko Foru Aldundiak erabaki duenez. Muga hori martxoaren 14an sartuko da indarrean, eta bisitarien kopurua handiena izaten den epeetan egongo da aktibo. Gainera, aipatutako epe horietan, beharrezkoa izango da aldez aurretik erreserba egitea, Interneten bidez, sartu ahal izateko. Irlatxoaren gehienezko edukiera, horrez gain, 340 lagunekoa izango da.

Gaztelugatxera sartzea murrizteko, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Zuzendaritzako teknikariek egin duten azterlan bat hartu da oinarritzat, espazio publikoetako segurtasunaren arloan indarrean dagoen araudia erreferentziatzat hartuta.

Proposamen hori egiteko, Gaztelugatxera hurbiltzen diren pertsonek egiten duten ibilbiderik ohikoena hartu du kontuan Aldundiak, alegia, Urizarretatik sartu eta Ermutik irten; horri dagokionez, ibilbide bakoitzeko hiru denbora desberdin kalkulatu dira (90, 105 eta 120 minutu), eta bi kasu planteatu dira: bata, 15 minuturo pertsona talde bati sartzen uztea, eta, bestea, sartzeko epea 20 minutukoa izatea. Kontuan hartu da, halaber, irlatxoa punturik txarrenean ebakuatzeko kapazitatea.

Aldagai horiek guztiak aztertuta, azkenean teknikariek proposatzen dute 84 bisitari sartzea, hamabost minuturo, sarbideen kontrola egiten den eguneko bederatzi orduetan. Egunean gehienez 3.024 bisitari sartuko dira, eta uhartetxoaren gehieneko lagun-edukiera 340 pertsonara mugatuko da. Horiek dira, hain zuzen ere, hemendik aurrera babestutako kokagune honetan aplikatuko diren edukiera-mugak.

Noiz egin erreserba hori

Bizkaiko Foru Aldundiak 2018ko udan gaitu zuen 'ticketing' plataforma digitalaren bidez arautuko da pertsona-kopurua (hau). Ezinbestekoa izango da online tiket bat izatea Gaztelugatxen sartzeko, toki horretara jenderik gehien joaten den garaietan, hots, Foru Aldundiak sarbideak kontrolatzeko sistema bat jartzen duen aldietan: martxoko zubian (San Jose), martxoaren 14tik ekainaren 14ra arteko asteburuetan, egunero Aste Santuan zehar, maiatzaren 1ean, egunero ekainaren 15etik irailaren 20ra arte, iraileko eta urriko asteburuetan eta urriko zubian (Pilar) eta abenduko zubietan (Konstituzioarena eta Sortzez Garbiarena).

Sarbideen kontrol hori ohiko lekuetan (Urizarretatik eta Ermutik enklabera sartzeko bi guneetan) eta eskaileretara sartzeko plataforman egingo dute. Bertan, edukiera-neurgailu elektroniko bat jarriko dute, bisitari-fluxua zuzentzearen ardura duten langileek egiaztatu ahal izan dezaten inoiz ez dela gainditzen baselizaren zabalgunean eta eskaileretan bertan dauden pertsonen gehieneko kopurua.

"Muga horrekin Gaztelugatxeko ingurumenaren arloko aberastasuna babestea lortu nahi dugu eta, aldi berean, babestuta dagoen enklabe hau bisitatzen duten pertsonen segurtasuna bermatzea", azpimarratu du Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak.

Pertsonen eta zirkulazioaren segurtasuna hobetzeko neurriak

Imanol Pradales Azpiegituren eta Lurralde Garapenaren foru diputatuak jakinarazi duenez, Foru Aldundia lanean ari da inguru horretako pertsonen eta zirkulazioaren segurtasuna hobetzeko. Hain zuzen, datorren astean amaituko dira BI-3101 errepidearen eta errepide zaharraren arteko elkarguneko obrak, bai eta autobus-geltoki seguruagoa sortzeko lanak ere.

Halaber, errepideetako bazterbideetan aparkatzeko debekua indartuko dute, Gaztelugatxera jenderik gehien joaten den egunetan ohikoa izaten baita ibilgailuak bide-ertzetan aparkatzea. Debekaturik egon arren, BI-3101 errepideko bazterbideetan aparkatutako 200 ibilgailu baino gehiago zenbatu dira, horrek bide-segurtasunerako dakarren arriskuarekin.

Aldundiaren esanetan, proiektu horiek guztiek Gaztelugatxek jasotzen duen bisitari-kopuruaren hazkunde progresiboari erantzuten diote; izan ere, 727.995 pertsona igaro ziren 2019. urtean, hau da, aurreko urtean baino 143.705 bisitari gehiago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bakio Bermeo Bizkaia Turismoa Euskadi albisteak EAE albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ekologia azken ordukoa Gaztelugatxe