Gizartea -
luizia
Zabortegiko beharginak bilatzeko lanak eten dituzte egunsentira arte
Bizkaiko Aldundiak zehaztu du "zabortegiaren eremua oso ezegonkor" dagoela. Prebentzio neurrien hasierako gabezia kritikatu dute sindikatuek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Suhiltzaileak eta ertzainak Zaldibarreko (Bizkaia) zabortegian desagertutako bi beharginak bilatzen aritu dira arratsaldean, baina amiantoarengandik babesteko material egokiarekin eta substantzia hori kudeatzen aditua den enpresa baten laguntzarekin. Bi langileak ostegunean desagertu ziren, luizi batek milaka tona material eraman ondoren. Luiziak AP-8 autobideko bi noranzkoak itxi zituen.
19:00ak aldera eten egin dituzte gaurko bilaketa lanak, baina bihar ekingo diete berriro, egunsentiarekin batera, Segurtasun Saileko iturrietatik jakinarazi dutenez.
Amiantoa material arriskutsua da, eta hura kentzeko babes neurri bereziak behar dira. Osalaneko teknikariek aholkatuta, lanak geldiaraztea erabaki zuten bart, erreskate lanetan ari direnen segurtasuna bermatzeko.
Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordeak prentsaurrekoa eskaini du eguerdian Bilbon, Alberto Alonso Osalaneko zuzendari nagusiarekin batera. Biek ala biek Larrialdiak Kudeatzeko Mahaiak goizean egin duen bileran parte hartu, eta erabakitakoen berri eman dute ondoren. Batzarrean Osakidetzako, Bizkaiko Foru Aldundiko, Interbiakeko (autobidea kudeatzen duen sozietate publikoa) eta Osalaneko arduradunak izan dira.
Zubiagak azaldu duenez, bilatze lanei ekiteko "prozedura" abiatu dute jada. Horren arabera, hondakinak kudeatzeko enpresako teknikariek jarraibide "zehatzak" emango dizkiete ertzainei eta suhiltzaileei. Horiei, era berean, euren burua babesteko "material egokia" emango diete.
Mugitu beharreko hondakinak non dauden "zehaztuko" dute suhiltzaileek eta ertzainek, eta espezialistek "eskuz" —geologoek aholkatuta— kenduko dituzte.
Segurtasun neurriok arinago ez hartzearen arrazoiez galdetuta, Zubiagak erantzun du "halakoetan desagertutakoak bizirik aurkitzea" dela lehentasuna. Gainera, azaldu du hasiera batean desagertutakoak zazpi zirela uste zutela, azkenean bi izan badira ere.
Bestalde, Imanol Pradales Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura eta Ekonomiaren Garapenerako diputatuak zehaztu du "zabortegiaren eremua oso ezegonkor" dagoela, segurtasun neurri guztiak hartzen ari direla. Horrela harira, iragarri du inguruan dauden bi baserri jendez hustu dituztela (atzo ere hala egin zuten).
Erakundeotako arduradunek azpimarratu dutenez, ez dago arriskurik herritarrentzat, baina badaezpada, ingurura ez hurbiltzeko eskatu dute.
Bi ertzain hizketan, zabortegiaren sarreran. Argazkia: EFE
Neurrien faltagatik, sindikatuak kritiko
Sailburuordeak goizean iragarri du amiantoaren kontua, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean. "Kopuru handia topatu dute. Amianto biltegia izateko beharrezkoa den lizentzia badu hondakindegiak", argitu du Zubiagak. Eitzagako zabortegiak baimen guztiak zituela baieztatu du Juan Mari Uriarte Zaldibarko alkateordeak Euskadi Irratian.
Sailburuordearen esanetan, bart lanean izandako behargin guztiei "mediku azterketa egin behar zaie, eta amiantoarekin kutsatu ote diren zehaztu".
Horren harira, Euskadiko CCOO sindikatuak salatu du hondakinen artean amiantoa egoteak arrisku handian jarri dituela erreskate eta garbitze lanetan ibili diren beharginak. "Ez da ulergarria desagertutakoak bilatzeko eta hondakinak kentzeko lanak hastea beharrezkoa diren badaezpadako neurriak hartu gabe. Suhiltzaileak, ertzainak eta bestelako langileak arrisku bizian egon dira", kritikatu du.
Sindikatuak ohar batean nabarmendu duenez, Osalanek larrialdiko zaintza plana jarri beharko luke berehala.
Ildo beretik, Ertzaintzako Erne, Sipe eta CCOO sindikatuek salatu dute agenteek ez zekitela Zaldibarko zabortegiaren inguruan amiantoa zegoela. "Informazio hori luizia gertatu eta ordu askora heldu zitzaigun. Protokoloak gaizki funtzionatu du, baita kudeaketak eta kontrolak ere. Orain langileen osasuna dago jokoan", esan du Roberto Seijo Erne sindikatuko idazkari nagusiak.
Hasiera batean laguntzera joan ziren langileek prebentzio neurririk ez izatea kritikatu dute ELA eta LAB sindikatuek, osasun eta lan arriskuen prebentzioan "kontrol" eta koordinazio "falta" agerian geratu delako.
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Iñaki Arriola Ingurumen sailburuaren agerraldia eskatu dute Eusko Legebiltzarrean. Era berean, Ibone Bengoetxea eta Imanol Pradales Bizkaiko diputatuek Batzar Nagusietan azalpenak ematea eskatu du Podemosek.
Zabortegiaren jarraipenik egin ez izana leporatu die Ekologistak Martxan plataformak EAEko erakundeei. Zentzu horretan, "erabateko kontrol eza" salatu du.
Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordea. Argazkia: EFE
Premiazko bilera
Gertakariaren kudeaketan nahasita dauden erakunde guztiek bilera egin dute goizean Larrialdiak Kudeatzeko Mahaiaren baitan, eta erakunde hori ari da erabaki guztiak hartzen eta koordinatzen.
Atzo arratsaldean izan zen luizia, 16:00etan, eta lurrek autobide osoa hartu zuten, bi noranzkoetan. Verter Recycling 2002 SL enpresako 50 eta 60 urte arteko bi langile falta dira ordutik, eta haiek aurkitzea da orain lehentasuna. Ia 50 bat pertsonak osatutako taldea ibili da lanotan, txakur eta guzti. Helikopteroak, droneak, hondeamakinak eta dozena bat kamioi ibili bertan lanean.
Bestalde, Imanol Pradales Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura eta Ekonomiaren Garapenerako diputatuak Euskadi Irratian azaldu duenez, zabortegia pribatua da, eta, beraz, "ez da Aldundiaren eskumena". Are gehiago, "AP-8 autobideak dituen lurretatik at dago zabortegia", erantsi du.
Hondakindegiak amiantoa biltzeko baimenik ote zuen galdetuta, foru diputatuak erantzun du ez duela horren inguruko xehetasunik. "Dakidana da bizigabeak ez diren hondakinak izan ezik, mota guztietako materialak biltzeko lizentzia zuela", erantsi du.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak baieztatu duenez, Eitzagako zabortegiak hondakin industrialak biltzeko lizentzia zuen; amiantoa izan dezaketen fibrozementuzko estalkiak jasotzekoa, besteak beste.
Zabortegiak Udalaren baimena zuen 2011z geroztik, eta 2013an Ingurumen Baimena berritu zuen, Zaldibarreko Udalak azaldu duenez.
Eusko Jaurlaritzak 2011an igorritako ingurumen ebazpenean "amiantodun eraikuntza materialak" aurkitzen zirela baieztatu du Udalak. Zabortegia kontrolatzeko ardura Eusko Jaurlaritzak duela erantsi du Udalak.
Bypassa zabaldu dute AP-8an
Bilatze lanak bertan behera geratu badira ere, AP-8a garbitzeko beharrak martxan izan dira gau guztiak. Goizean, 07:05 aldera, Bilboko noranzkoko bi erreietan bypass bat zabaldu dute.
Imanol Pradales Bizkaiko Azpiegituretako eta Lurralde Garapenerako diputatuaren hitzetan, Donostiako noranzkoaren zatia garbitu gabe dute oraindik, eta luze joko du. Izan ere, errepidera jausitako hondakinak mendi-magala "eusten" ari dira, eta horiek kenduz gero, baliteke luizi gehiago egotea.
Hori dela eta, Aldundiko geologoak egoera aztertzen ari dira, eta lanak segurtasunez egin ahal direla egiaztatu arte, ez dituzte berrartuko.
Bizkaiko Foru Aldundiaren kalkuluen arabera, 4.000 metro kubiko material inerte erori ziren errepidera, eta autobideko lau erreiak lurpean geratu ziren, 35 bat metro luzeko tartean (lau metroko altuera harrapatu zuten).
Luiziaren ondorioz, autobidea eta Ermuko saihesbidea itxi eta inguruan dauden bi baserri jendez hustu behar izan zituzten, badaezpada. Horrez gain, hainbat argindar-dorre ere erori ziren, eta denbora tarte batean argirik gabe egon ziren atzo inguruko bizilagunak.