Gizartea -

Ablazioa

Lau mutilaziotik bat medikuek egindakoa dela salatu du NBEk

Aurten, lau milioi neskatok baino gehiagok ablazioa jasateko arriskua dute nazioarteko klinika publiko edo pribatu batean, etxean zein beste lekuren batean.

Malin bizi diren emakumeak. Argazkia: ONU
Malin bizi diren emakumeak.
Malin bizi diren emakumeak. Argazkia: ONU

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) salatu duenez, lau neskato eta emakumetik batek jasandako genitalen mutilazioa osasun arloko langileek egindakoa da. Testuinguru horretan, praktika horrekin lehenbailehen amaitzeko deia egin du erakundeak, Emakumeen Genitalen Mutilazioaren aurkako Zero Tolerantziaren Nazioarteko Egunaren harira zabaldutako ohar batean.

"Mediku batek baimendutako mutilazioa mutilazioa da. Ablazioa egiten duten osasun arloko profesional kualifikatuek nesken oinarrizko eskubideak, izaera fisikoa eta osasuna arriskuan jartzen dituzte", salatu du Henrietta Fore Unicefeko zuzendari exekutiboak. Horren esanetan, "ablazioa mediku batek gauzatzeak ez du praktika hori seguruago, moralago edo defendagarriago egiten".

NBEren arabera, "osasun zentroetan, klinika publiko zein pribatuetan, etxean edota beste leku batean" egiten den genitalen ablazioa "oso ohikoa da Egipton eta Sudanen", besteak beste; izan ere, aipatutako herrialde horietan, "10 neskatotik 8 medikuek egindako mutilazioaren biktima dira".

Medikuek egindako ablazio gehienen biktimak (% 39) 15 eta 19 urte arteko neskatoak dira, baina emakumeen % 16k 45 eta 59 urte bitartean zituzten mutilazioa jasan zutenean, NBEk ohartarazi duenez.

"Emakumeen mutilazio genitalak genero desberdintasunetan du oinarria, eta praktika horrekin amaitzeko jendearen pentsaera aldatu behar da lehendabizi. Aurrera egiten ari gara. Jarrerak aldatu egiten dira, eta portaerak ere bai. Oro har, gero eta neska gutxiagok pairatzen dute ablazioa", nabarmendu du Forek.

Dena dela, datozen 12 urteetan munduan jaioko diren umeen heren bat mutilazioa egiten den 30 herrialdeetako batean jaioko dira. Hori dela eta, NBEk ohartarazi duenez, neskatoak babesteko urratsik eman ezean, "68 milioi emakume inguru infekzioak, gaixotasunak, konplikazioak eta heriotza eragin dezakeen ekintza bortitz baten biktima izan daitezke".

Aurten, lau milioi neskatok baino gehiagok ablazioa jasateko arriskua dute, eta praktika horrek epe luzera ondorio fisiko, psikologiko eta sozialak ekar diezaiekeela gogora ekarri du erakundeak.

129 kasuren berri izan du Osakidetzak

Genitalen mutilazioa jasan duten 129 emakume antzeman ditu Osakidetzak azken bi urteetan. Horietatik, 21ek 14 urte baino gutxiago dituzte, eta ablazioa Euskal Autonomia Erkidegora (EAE) iritsi aurretik egin zieten guztiei.

Zehazki, 2018an 67 kasuren berri izan zuen, eta iaz, 62rena. Ablazio horietako bakar bat ere ez zen egin oporraldi batean edo jatorrizko herrialdera egindako aldi baterako bisita batean. Horrenbestez, Euskadin emakumeen genitalen mutilazioa saihesteko hartutako prebentzio-neurriak "eraginkorrak" direla ondorioztatu dute Emakundek, Osasun Sailak eta Osakidetzak.

"Euskadin, nahiko mugatua da eta nahiko lokalizatuta dago arriskuan egon daitekeen eta emakumeen genitalen mutilazioa egiten duten herrialde eta etnietatik datorren biztanleria, eta horrek alarmismorik gabe esku hartzea ahalbidetzen du", Osasun Sailak nabarmendu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Tratu txarrak Nazioartea Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa NBE Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Kolonbia Latinoamerika Osasun albisteak Medikuak Egipto Tratu txarren biktimak Matxismoa Feminismoa Erizaintza Giza eskubideak Gobernuz Kanpoko Erakundeak