Gizartea -

MinbiziaREN AURKAKO EGUNA

Minbiziak eragin dituen hamar heriotzatik hiru tabakoak eragin ditu

Minbiziaren ondoriozko hilkortasunak behera egin du EAEn 2001etik 2017ra, nabarmen gizonen kasuan, eta neurri txikiagoan emakumeen artean.

Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna da astearte honetan. ETBren bideo batetik ateratako argazkia
Zigarro batzuk hautsontzi batean
Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna da astearte honetan. ETBren bideo batetik ateratako argazkia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tabakoaren kontsumoa da minbiziaren eragile nagusia, eta gaitz horrek eragindako hamar heriotzatik ia hiruren erantzulea; hori dela eta, Osakidetzak tabakismoa murrizteko programekin duen konpromisoa nabarmendu du Nekane Murga Osasun sailburuak.

Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, minbiziaren hilkortasuna murrizteko, biziraupena areagotzeko eta gaixoen arreta hobetzeko ahaleginean sakontzeko beharra azpimarratu du Murgak.

Minbiziaren ondoriozko hilkortasunak behera egin du EAEn 2001etik 2017ra, nabarmen, gizonen kasuan, urteko % 2ra, eta neurri txikiagoan emakumeen kasuan (% 0,2), Osasun Sailak astelehen honetan jakitera eman dituen datuen arabera.

Gizonen minbiziaren ondoriozko hilkortasunaren beherakada aldi osoan mantendu da, 2001ean hasi zenetik (428,9 heriotza 100.000 biztanleko), baina bereziki nabarmena da 2012tik aurrera, % 2ko murrizketa izan baitu urtean: 2012an 403,2 heriotza 100.000 biztanleko, eta 2017an, 363 heriotza.

Gizonen artean, nabarmen jaitsi da laringeko minbiziaren, esofagoaren, ahoko barrunbearen eta faringearen, urdailaren, birikaren, prostataren eta, 2012tik, kolon-ondestearen ondoriozko heriotza-tasa, baina nabarmen igo da mesoteliomaren, nerbio-sistema zentraleko minbiziaren, pankreen, leuzemien eta gibelaren kasuan.

Emakumeen heriotza-tasaren beherakada ez da estatistikoki esanguratsua: 100.000 biztanleko 177,3koa zen 2001ean, eta 164,6koa, 2017an. Nabarmen jaitsi da besikulako eta behazun-bideetako eta urdaileko minbiziaren ondoriozko emakumeen heriotza-tasa, eta nabarmen igo da biriketako, ahoko eta faringeko minbizian eta pankreakoetan.

Murgak azpimarratu duenez, hilkortasunaren etorkizuneko murrizketek zerikusia izango dute gaixotasunaren eta terapia berrien ezagutza molekular hobearekin, ikerketako aurrerapenak praktika klinikora eramatea lortzen den neurrian.

Ildo horretan, Murgak gogorarazi du Osakidetzak 390 ikerketa-proiektu mantentzen dituela martxan onkologia-arloan, eta euskal osasun-sistema publikoaren ikerketa-arlo nagusietako bat dela, 8,7 milioi euroko finantzaketarekin.

Euskadiko Medikuntza Pertsonalizatuaren Aholku Batzordea

Bestalde, Murgak iragarri du gaur eratu dela Euskadiko Medikuntza Pertsonalizatuko Aholku Batzordea, eta, hain zuzen ere, onkologiaren esparruan hasiko dela lanean, eta etorkizunean medikuntzaren beste eremu batzuetara zabalduko dela, hala nola gaixotasun arraroetara edo gaixotasun kardiobaskularretara.

Sailburuak azaldu duenez, medikuntza pertsonalizatuaren arloa etengabe garatzen eta berritzen ari da, eta uste du kontseilu berri hori funtsezko tresna izango dela Sailari aholkua emateko esku-hartze medikoak pertsona bakoitzaren ezaugarrietara egokitzeko orduan. Horrek berekin ekarriko du prebentzio-ekintzak, ekintza diagnostikoak eta terapeutikoak aplikatzea, arriskuei aurrea hartzeko eta arriskuak saihesteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Euskal Autonomia Erkidegoa Minbizia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak