Gizartea -
HARRAPAKETA ZIGOITIAN
Mikel Landa eta lagun bat harrapatu zituen gidaria epailearen aurrera eraman dute
Gizonak positibo eman zuen droga proban. Gainera, atxilotuak AP-1 autobidean, Burgosen, ordu batzuk lehenago izandako istripu batekin zerikusirik ba ote duen ikertzen ari dira.
Agentziak | Erredakzioa
Epailearen aurrera eraman dute gaur goizean, atzo Mikel Landa txirrindularia eta haren lagun bat N-622 errepidean, Zigoitian (Araba), harrapatzea eta ihes egitea egotzita, Ertzaintzak atxilotu zuen 42 urteko gizona. Atxilotuak positibo eman zuen droga proban, Segurtasun Saileko iturriek ETBri baieztatu ziotenez.
Gainera, atxilotuak AP-1 autobidean, Burgosen, ordu batzuk lehenago izandako istripu batekin zerikusia ote duen ikertzen ari da Ertzaintza. Beste ibilgailu batekin talka egin ostean ihes egin omen zuen, Gasteizko noranzkoan.
Bi txirrindularien harrapaketa 13:15 aldera gertatu zen larunbatean. Txirrindulariak N-622 autobidetik zihoazen Zigoitian, Bilboko noranzkoan, Gopegiko eta Letonako irteerak lotzen dituen tartean, Renault Megane batek harrapatu zituenean.
Autoaren gidariak abiadura handian ihes egin zuen istripu-tokitik. Lekukoek istripuaren berri eman zieten larrialdi zerbitzuei, eta bertaratu egin ziren bi txirrindulariak artatzera. Lehen arretaren ondoren, Santiago Ospitalera eraman zituzten.
Ertzaintza, berriz, ihes egin zuen ibilgailuaren bila hasi zen. Geroxeago aurkitu zuten autoa, AP-68 autobideko ordainlekutik gertu, Altuben.
Gidaria eta laguna identifikatu ondoren, atzerako ispiluak kalteak zituela egiaztatu, eta istripuaren tokian aurkitutako puskekin alderatu zituzten. Bat egiten zutela baieztatutakoan, atxilotu egin zuten gidaria.
Landak sare sozialen bidez zabaldu zuen istripuaren berri. "Goizean, lagun batekin entrenatzen ari nintzela, auto batek atzetik jo digu eta ihes egin du ondoren", azaldu zuen kirolari profesionalak Twitter sarean duen kontu ofizialean.
"Datozen egunetan entrenamenduetara itzultzea espero dut", gaineratu zuen Landak. Txirrindulari profesionalak ez du zauri larririk.