Gizartea -

NAZIOARTEKO LARRIALDIA

Pertsona bat hil da koronabirusagatik, Txinatik kanpo

44 urteko gizon txinatarra Manilako (Filipinak) ospitale batean hil da, birusak eragindako pneumoniagatik. Bestalde, 8 urteko ume bat kutsatuta ote dagoen aztertzen ari dira Bartzelonan.

Herrialde asko txinatarrei mugak ixten hasi zaizkie. Argazkia: EFE
Herrialde asko txinatarrei mugak ixten hasi zaizkie.
Lehen hildakoa Txinatik kanpo: Filipinetan zegoen 44 urteko gizon bat

2:14

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusak lehen pertsona hil du Txinatik kanpo. Igandean honetan jakin denez, 44 urteko gizon txinatar bat hil da Manilan (Filipinak) birusak eragindako pneumonia gogor bategatik. Beste bi lagun ere badaude kutsatuta Filipinetan, une honetan.

Alemanian 10 dira jada kutsatuak, Erresuma Batuan 2 eta Frantzian 4.

Espainian, Wuhango koronabirusean positibo emateagatik Gomerako erietxean ospitaleratutako turista alemaniarra ondo dago eta berarekin kontaktua izan duten pertsonak identifikatuta eta zaintzapean dituzte, Fernando Simon Osasun Ministerioaren Alertak eta Emergentziak Koordinatzeko Zentroko zuzendariak jakitera eman duenez.

Bestalde, Kataluniako Osasun Publikorako Agentziak ikerketa ireki du Wuhandik iritsitako 8 urteko ume batek birusa duen argitzeko, Osasun Kontseilaritzak jakitera eman duenez.

Kasua susmagarri egiten duten irizpide kliniko eta epidemiologikoak ditu haurrak, eta Bartzelonako Clinic Ospitalean daukate, arrisku handiko gaixotasunentzako erreferentzia zentroan.

Sant Joan de Deu Ospitalera eramatea aurreikusita dago, hori baita erreferentziazko ospitalea haurrentzat, eta bitartean, laborategiko proben emaitzen zain daude, birusa duen edo ez argitzeko.

Barakaldoko langile bat, ostiralean Wuhanetik Madrilera eramandakoen artean

Bien bitartean, Wuhanetik Madrilgo Gomez Ulla ospitalera eraman zuten langile bizkaitarra "ongi" dago eta ez berak ez berarekin "bakartuta" dituzten pertsonek ez dute sintoma arrarorik garatu. Hala ere, 14 eguneko berrogeialdia bete beharko dute guztiek.

CIE Automotive konpainiako behargina da Barakaldoko gizona. Espainiar talde batekin iritsi zen ostiralean.

Europako zein Amerika eta Asiako hainbat herrialde euren herritarrak ateratzen ari dira, izan ere, Wuhanetik, birusa dela eta.

Erkidegoekin bilera

Bestalde, Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak bilera deitu du astearte honetarako, Autonomia Erkidego guztietako Osasun sailburuekin, koronabirusaren aurrean kooperazio eta koordinazio neurriak adosteko.

Illak azpimarratu duenez, koronabirus atzemateko eta artatzeko sistemak "fruituak ematen ari dira". "Zentzu berean lan egiten jarraituko behar dugu, Erkidegoekin eta Europako agintariekin koordinatuta, eguneroko jarraipenak egiten eta adituen iritzietan oinarritutako erabakiak hartuta".

Koronabirusaren larrialdiak "kezkatzen" duela onartu du Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak. "Kezkatu, kezkatzen nau, baina esku onetan gaude", ziurtatu du Sanchezek Bejan (Portugal).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Barakaldo EAE albisteak Espainiako Gobernua argazkiak Espainia bideoak Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa