Gizartea -
HIZKUNTZA-POLITIKA
Haur Eskoletako euskarazko plazak murriztearen kontra protesta egin dute Iruñean
Udaletxeko plaza jendez bete da Enrique Mayak 0 eta 3 urtera arteko eskoletan haurrentzako euskarazko plazak erdira jaitsi nahi dituela salatzeko.
EITB.EUS
Enrique Maya alkateak (Navarra Suma) Iruñeko haur eskoletan dagoen euskarazko eskaintza murriztu nahi du. Zehazki, %30etik %14ra murriztuko dira 0-3 zikloan euskarazko plazak 2023rako.
Mayak dio haur eskolen egoera "normalizatu" nahi duela, aurreko udal gobernuaren "astakerien" aurrean, eta "epaiak betetzeko". Hala, Iruñean dauden 11 haur eskoletatik bat eta erditan bakarrik egongo da euskarazko eskaintza, plana betez gero.
Guraso askoren eta Iruñeko mugimendu euskaltzalearen iritziz, "euskararen kontrako eraso zuzena" da hau, eta hori salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Iruñeko Udaletxeko Plazan. Erabakiaren atzean "gorrotoa" ikusten dute, eta uste dute Navarra Sumak ahaleginak eta bi egingo dituela "haur eta guraso euskaldunak erabat baztertzea lortu arte".
'Iruñeko Haur Eskolak Euskaraz' plataformak deitutako elkarretaratzean irakurri den oharraren arabera, duela lau urte Udalak 0 eta 3 urteko zikloan euskarazko plazak areagotzeko erabakia hartu bazuen, "gizarteak hala eskatzen" zuelako izan zen. Hala, %11tik %28ra igo zen euskarazko plazen eskaintza eta bi eskolatik lau eskolatara igaro zen eskaintza hori, auzo gehiagotara zabalduz.
"Oraindik ere euskarazko eskaintza auzo guztietan ez badago ere, aldaketak eredu honen alde egitea erraztu du" nabarmendu dute, eta era berean, behin 3 urtera iritsita, euskarazko eskaintza ez dela familiek eskatzen dutenera iristen salatu dute: "Nafarroan A eta D ereduetan matrikulatu zituzten familien %48,7k euren haurrak. Ia matrikulatutakoen erdiek euskarazko eskaintza aukeratu zuten beraz".
"Gure aukera euskaraz bizitzea da. Gure eskubidea delako, baina elebitasun errealak eleaniztasunera jauzi egiteko ematen dituen onurengatik ere bai" esan dute.
Bertako hizkuntza "administrazioaren helburuetako bat" izan beharko litzatekeela nabarmendu ondoren; Iruñean, "batzuk ikusi nahi ez badute ere, bi hizkuntza modu egokian irakatsi eta ikasteko, euskarazko murgiltzen linguistikoa da biderik eraginkorrena" gehitu dute.
Horregatik, Iruñeko Udaleko beste ordezkariei (Geroa Bai, EH Bildu eta PSN) Navarra Sumaren "erasoak gelditzeko" eskatu diete.
EH Bilduk eta Geroa Baik haur eskolen berregituraketa gelditzeko eskatu diote Iruñeko Udalari eta lehenik Nafarroako hiriburuko eredu linguistikoen benetako eskaria aztertzeko.