Gizartea -

Euskal Herriko Unibertsitatea

Albert Fert Nobel sariduna hasi da lanean EHUn

Frantziarrak Fisikako Nobel saria irabazi zuen 2007an. Magnetorresistentzia erraldoiaren aurkitzaileetako bat da.

Fert, Balluerka eta Etxenike agerraldian. Argazkia: EHU
Fert, Balluerka eta Etxenike agerraldian. Argazkia: EHU
Albert Fert fisika Nobel sariduna EHUko ikerlari eta kide

1:23

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Albert Fert ikertzaileak Fisikako Nobel saria irabazi zuen 2007an, eta orain Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikertzaile eta irakasle gisa hasi berri da, EHUk ohar batean jakitera eman duenez.

Nekane Balluerka EHUko errektoreak eta Pedro Miguel Etxenike Donostia International Physics Centerreko presidentea eta euskal unibertsitate publikoko Materia Kondentsatuaren Fisikako katedradunak prentsaurrekoa eman dute goizean.

Fisikari frantziarra Euskal Herriko Unibertsitateko Materialen Fisika arloko ikertzaile gisa arituko da.

Fert magnetorresistentzia erraldoiaren aurkitzaileetako bat da. Efektu fisiko horrek goitik behera aldatu zuen disko gogorren teknologia, horien edukiera nabarmen areagotzeko aukera emanez.

Orain arte, Université Paris-Sud unibertsitateko (Orsay) irakasle emeritua eta CNRSren (Centre National de la Recherche Scientifique) eta Thales Group-en arteko baterako laborategi bateko (unité mixte de recherche) zuzendari zientifikoa zen.

Fert: "Etorkizun handiko proiektuak dira gogoberotzen nautenak"

Kontratazio honen bidez, Euskal Herriko Unibertsitateak bere ikerketa lana indartu nahi du, eta Albert Fertek eta EHUko Magnetismo Taldeak lehendik zuten lankidetza sendotu.

Bestetik, Albert Fertek Donostia International Physics Centerrean (DIPC) ere kolaboratuko du.

Fert irakaslea EHUra etortzeak beste aukera asko zabaltzen ditu; besteak beste, langileak (doktoratu aurrekoak eta ikertzaileak) trukatzeko aukera egongo da bere UMR-Thales Palaiseau taldearekin, doktoregoko ikasleek eta EHUren Magnetismo Taldeko ikertzaileek egingo duten egonaldien bidez.

"Etorkizun handiko proiektuak dira, gogoberotzen nautenak, zeren eta materialen fisika kuantikoaren arloko abangoardian emaitza zirraragarriak lortuko baititugu. Halaber, uste dut proiektu hauek ere ate berriak irekiko dizkigutela Euskal Herriko eta Frantziako ikerketa zentroen arteko lankidetza bultzatzeko", adierazi du Fertek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Bizkaia Gipuzkoa EHU Euskal Autonomia Erkidegoa Nobel sariak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Hezkuntza Zientziaren hedapena