Gizartea -
Koronabirusa
Estatu espainiarreko 20 bat herritar heldu dira Wuhanetik Madrilera
Euskal herritar bat egon liteke taldean, Nekane Murga Osasun sailburuak jakinarazi duenez. Espainian lur hartu ostean, bi aste emango dituzte berrogeialdian, Gomez Ulla ospitale militarrean.
Agentziak
Txinako Wuhan hirian zeuden Estatu espainiarreko hogei bat herritar ostiral arratsaldean iritsi dira Madrilera, Torrejoneko hegazkin-basera, Erresuma Batuak pleitatutako hegaldi batean. Koronabirusak larrialdi nagusiena sortu duen hiritik abiatutako hegaldi horretan, baliteke euskal herritar bat ere egotea, Nekane Murga Osasun sailburuak jakinarazi duenez. Espainian lur hartu ostean, bi aste emango dituzte guztiek berrogeialdian, Espainiako Defentsa Ministerioaren mendeko ospitale batean.
Espainiar Estatuko herritarrekin batera, ehun britainiar baino gehiago eta Danimarkako eta Norvegiako hainbat herritarrek hartu dute hegaldia. Hegazkina goizaldean aireratu da Wuhanetik, eta, Euskal Herriko 12:00etan, Ingalaterrako hegoaldean lur hartu du, Erresuma Batuko herritarrak bertan geratzeko. Hori eginda, hegaldia Madrilera abiatu da, Torrejoneko aire-basera.
Kanpo Osasuneko bi taldek hasierako azterketa egin diete bidaiari guztiei. Gerora, Madrilgo Gomez Ulla ospitalera eraman dituzte. Espainiako Defentsa Ministerioaren mendeko ospitale horretan 14 egun emango dituzte berrogeialdian.
Euskal herritar bat egon liteke
Baliteke egoera horretan euskal herritar bat ere egotea, Nekane Murga Osasun sailburuak ostegun honetan jakitera eman duenez. Murgak zehaztu zuen "erabateko baieztapen ofiziala" egiteke dagoela, baina ematen duela CIE Automotive enpresako langile bat, euskal herritarra bera, Madrilera iritsiko den taldean dagoela.
Sailburuak, horrez gain, lasaitasun-mezua helarazi nahi izan die herritarrei, eta gogora ekarri du ez dela izan koronabirusak jotako gaixorik Euskadin: "Gure osasun-sistema prest eta koordinatuta dago segituan identifikatzeko eta beharrezko erantzuna emateko", esan du Murgak.
Txinako Osasun Batzordeak baieztatu du 170 lagun hil direla ostegunera arte koronabirus berri honen ondorioz, eta guztira 7.711 kasu baieztatu direla. Agintariek, alabaina, adierazi dute 4.148 lagun egon litezkeela kutsatuta; 12.167 kasu susmagarri daude.