Gizartea -
Gipuzkoa
Zubietako erraustegiaren Ingurumen Baimena iraungita dago, GuraSOSen esanetan
Bestalde, GHK-k ukatu egin ditu akusazioak, eta probak “aurreikusitakoaren arabera” egiten ari direla azaldu du.
Agentziak | Erredakzioa
GuraSOS plataformak Zubietako hondakin-erraustegian izandako "hainbat irregulartasun larri" salatu ditu. Besteak beste, GuraSOSek adierazi du erraustegiak, probatan abiatu zutenean, Ingurumen Baimen Integratua iraungita zuela; horrez gain, ziurtatu du espediente zigortzaile bati hasiera eman diotela, transformadorean izandako istripu bat "faltsutzeagatik".
Erraustegiaren aurkakoa den elkarte honen bozeramaile Joseba Belaustegik prentsaurrekoa eman du Donostian, eta salaketa horiek egin ditu. Belaustegirekin batera, hiru ama eta horien umetxoak izan dira; izan ere, familia horiek azpiegitura berri honetatik hurbil bizi dira, eta kezkatuta daude, "seme-alaben osasunagatik".
Belaustegiren esanetan, "aukera legoke erraustegia geldiarazteko. Alde batetik, hasiera honetan izaten ari den eta ezkutatzen edo desitxuratzen ari diren zailtasun teknikoengatik; beste alde batetik, haren tramitazioan egiten ari diren irregulartasunengatik edo legez kontrako kontuengatik".
Urtarrilaren 23an, GuraSOSek Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailarentzako eskaera erregistratu zuen, Jaurlaritzak adierazteko erraustegiaren Ingurumen Baimen Integratua iraungita dagoela; plataformaren arabera, Jaurlaritzak, urrian, aldi baterako bertan behera utzi zuen probetako erraustegiaren epea, baina erabaki hori "gezurrezkoa" zen, dokumentuaren baliotasunaren iraungipena saihesteko "faltsukerietan" oinarrituta baitzegoen.
Bozeramaileak azaldu du eskabide horretan hainbat dokumentu ere aurkeztu zituztela, eta komunikabideei ere eman dizkie dokumentu horiek. Bertan frogatuta dagoenez, Gipuzkoako Hondakin Partzuergoak, probetako epea bertan behera uzteko eskatu zuenean, "argudio faltsua" baliatu zuen, alegia, beharrezko horniketa elektrikorik ez zegoela. Hori ez ome zegoen azpiegituraren esku.
Ekondakin sozietate emakidadunak (erraustegia eraiki eta ustiatzen duen Aldi Baterako Enpresa Elkartetik sortua da sozietate hori), iraileko idazki batean, "onartuta du aipatutako arazo hori konponduta zegoela epea bertan behera geratzeko eskatu aurretik", esan du Belaustegik. Horren hitzetan, "elektrizitaterik ez egoteak azpiegiturarekin zerikusia zuen, ekainaren 11n transformadorean leherketa bat izan baitzen".
Gehitu duenez, Industria Ordezkaritzak enpresa emakidadunaren aurkako espedienteari hasiera eman dio; izan ere, transformadore hori "beharrezko baimenik gabe egin zuten eta hasi zen ibiltzen".
GuraSOSek eskatu dio Ingurumen Sailari, hortaz, Ingurumen Baimena ofizialki iraungitzat ematea; horrez gain, eskatu ere eskatu du "egungo proba-epea eta hemendik aurrerako jarduera segituan eta behin-behinean bertan behera uztea", Gipuzkoako Hondakin Partzuergoaren aurkako "espediente zigortzaileari hasiera ematea, egindako hausteengatik eta erabilitako faltsukeriengatik", eta "beharrezko zigorrak tramitatzea".
Gipuzkoako Hondakin Partzuergoak eta Foru Aldundiak zabaldutako informazio batzuen arabera, azaroaren 29an hasi zen proba-epea, zaborren errekuntza eginez, lantegia zerbitzuan hasi aurretik; azken hori martxorako dago aurreikusita.
GHK-k ukatu egin ditu akusazioak
Bestalde, Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak (GHK) azaldu du probak “ingurumen baimenean aurreikusitakoaren arabera” egiten ari direla Zubietan.
Agiri batean, GHK-k ukatu egin ditu GuraSOS plataformak egindako akusazioak: “GuraSOSek publikatutako informazioak ez datoz bat errealitatearekin, eta informazioa modu partzialean erabili dute iritzi publikoa manipulatzeko”.
Ekainaren 11n jazotako “gertaera”ren harira, GHK-k ukatu egin du transformadorean eztanda bat jazo izana, eta “zirkuitulaburra” izan zela ziurtatu du.
Jose Ignacio Asensio GHK-ko presidente eta Ingurumen diputatuak “arduragabekeriaz” jokatzea egotzi dio GuraSOS plataformari, eta “alarma soziala” pizteko helburuz herritarrak “desinformatzea” ere leporatu dio.