Gizartea -
Ekimena
Kartoizko nukleoa duten surf taulak sortu dituzte Mondragon Unibertsitateko ikasleek
Kontxako hondartzan proiektu horren bideragarritasuna frogatu dute. Ikasleek zortzi aste eman dituzte lanean, izan ere, seihilekoaren amaierako lanaren parte da.
eitb.eus
Mondragon Unibertsitateko Ingeniaritza Graduko hirugarren mailako ikasleek kartoizko nukleoa duten surf taulak garatu dituzte. Horrela, taula horien osagai nagusia den poliuretanoak isurtzen dituen karbono dioxidoaren emisioak saihesten dira. Izan ere, horrelako milioi bat inguru egiten dituzte urtero.
Ildo horretatik, bost ikaslek osatutako hiru taldek proiektu horren bideragarritasuna frogatu dute gaur, asteartea, Kontxako hondartzan, Donostian. Kartoizko nukleoa duten surf taulak garatzeko zortzi aste eman dituzte lanean, izan ere, seihilekoaren amaierako lanaren parte da.
Talde bakoitzak, hamar minutu izan ditu taula jasangarria uretan probatzeko eta edozein dendatan eros daitezkeen taulen antzera surfean erabil daitekeela erakusteko.
Surf taularen nukleoko kartoi korrugatuzko piezetatik abiatuta, nukleoaren gainean zenbat beira-zuntz geruza jarri behar ziren jakiteko taulak simulatu behar izan dituzte ikasleek, irakasleek eskatutako zehaztapenak betez, azkenik surf taula ahalik eta modu jasangarrienean ekoizteko.
Guztira, diseinu eta modelo ezberdineko hiru taula egin dituzte (Fish 5'5", Fish 6'4 eta Thruster 6'0). "Helburua zen proiektu motibatzaile bat bilatzea, ikasitakoa praktikan jartzeko. Mondragon Unibertsitatean oso argi daukagu klasean ikasitakoak ezertarako balio ez duen mitoa alde batera utzi behar dela", esan du Angel Gallok, proiektu horren ardura duen irakasleak.
Urtean milioi bat surf taula egiten dira munduan, poliestireno estrusionatua edo poliuretanoa erabiliz, eta 200.000 tona karbono dioxido isurtzen dira ekoizpen-prozesuan.
Horregatik, Mondragon Unibertsitateak adierazi du edozein produktu ekoizteko prozesu osoak, hasieratik amaierara, ingurumenaren aldetik ahalik eta jasangarriena izan behar duela.