Gizartea -
Iruñea
Iruñeko bi haur eskolatan euskarazko eskaintza murriztuko du Mayak
Donibanek eta Printzearen Harresik gaztelania berrartuko dute eredu linguistiko bezala eta Goiz Ederrek ingelesezko ekintzak dituzten gaztelaniako plazak gehituko ditu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iruñeko Udalak Donibane, Printzearen Harresi eta Goiz Eder haur eskoletako plazen eskaintza berregituratuko du pixkanaka datozen hiru urteetan 2016an egindako aldaketak baliogabetzen dituzten epaiak betetzeko.
Hori dela eta, Donibanek eta Printzearen Harresik gaztelania berrartuko dute eredu linguistiko bezala eta Goiz Ederrek ingelesezko ekintzak dituzten gaztelaniako plazak gehituko dizkio oraingo euskara ereduari.
Iruñeko Enrique Maya alkateak helburua haur eskolen egoera "normalizatzea" dela adierazi du herriko aurreko gobernuak "gauetik goizera" egindako hezkuntza ereduaren aldaketaren ondoren, "kalte nabarmena" eraginez familiei.
Fernando Sesma Hezkuntza zinegotziaren arabera, aldaketak 2020-2021 ikasturtean hasiko dira eta 2022-2023 ikasturtean bukatuko dira.
"Txikien" eta "nagusien" taldeetan oraingo euskara eredua mantenduko da haurren heziketa bukatu arte, aukeratutako ereduko heziketa ez eteteko. Hortaz, haurrek ez dute aukeratutako eredu linguistikoa utzi beharko.
2022-2023 ikasturterakoDonibanek eta Printzearen Harresik 2016ko aldaketak baino lehen zuten eredua ezarriko dute eta Goiz Goiz Ederrek ere epaiko erabakiak eragindako aldaketak ezarriko ditu.
EH Bilduk eta Geroa Baik haur eskoletako berregituraketa gelditzeko eskatu dute
EH Bilduk eta Geroa Baik aurreikusitako haur eskolen berregituraketa gelditzeko eskatu diote Iruñeko Udalari eta lehenik Nafarroako hiriburuko eredu linguistikoen benetako eskaria aztertzeko.
Horri dagokionez, Navarra Sumak 2015 baino lehenagoko egoerara itzuli nahi izatea salatu du EH Bilduk, euskara eredudun eskolak bira mugatuz eta "hiriko iparraldean bilduz berriz".
Hori dela eta, EH Bilduk berregituraketa gelditzeko eskatu du Udalak kudeatutako azterketak egin arte.
Bestalde, Geroa Baik ere berregituraketa baztertu du eta erabakia "aldebakarrekoa" izan dela eta "eskaintza ikertu gabe" hartu dela salatu du.
Geroa Baik "kalitatezko haur eskola publikoaren" aldeko apustua egin du eta hezkuntza komunitatea kontuan izatera deitu du Maya alkatea.
PSNk haur eskolen epaia betearazteko erabakia partekatzen du
Iruñeko PSNk epaia betearazteko Udalaren erabakia partekatzen duela adierazi du, kaltetutako familien eskaera estimatuz.
Talde sozialistak Haur Eskolen Erakundean "azalpenak" emateko eskatu dio Navarra Sumari eta "familiek eskatutako 0-3 bitarteko haurrentzako eskaintza ezartzeko beharrezkoak diren neurriak hartzera" deitu du, "beharrezkoak diren ikerketekin eta haur eta lehen hezkuntzako benetako datuekin bat eginez".
Era berean, "etorkizuneko aldaketak aurretiazko ikerketekin egin behar dira, mailaka, haurren hezkuntza gelditu gabe, hezkuntza komunitatearen parte hartzearekin eta informazio eta zorroztasun pedagogiko gehiagorekin", errepikatu dute sozialistek.
Hori dela eta, "nork gobernatzen duen kontuan izan gabe, aldaketetarako adostasuna eta betirako bokazioa" eskatu dute.