Gizartea -

Delitua

Prostituitzera behartzen zituzten lau emakume askatu dituzte Barakaldon

Halaber, hiru pertsona atxilotu dituzte, sexu-esplotazioarekin lotutako gizakien salerosketa leporatuta. Biktimen gaineko erabateko kontrola zuten, eta inoiz ez zieten agindutakoa ordaintzen.

Barakalodoko etxebizitza batean egin dituzten miaketak. Argazkia: Espainiako Polizia
Barakalodoko etxebizitza batean egin dituzten miaketak. A
Prostituitzera behartzen zituzten lau emakume askatu dituzte Barakaldon

0:38

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Poliziak hiru pertsona atxilotu eta prostituitzera behartzen zituzten lau emakume askatu ditu Barakaldoko etxebizitza batean. Biktimak biluzik edo arropa gutxirekin ageri ziren argazkiak zabaltzen zituzten gaizkileek Internet bidez, sexu-zerbitzuak eskainiz.

Hitzorduetarako erabiltzen zuten etxebizitzan egindako miaketan, telefono mugikor bat, 4.345 euro eskudirutan eta dokumentazioa atzeman dituzte, Espainiako Poliziak astelehen honetan jakitera eman duenez.

Zehazki, bi emakumek eta gizon batek osatzen zuten gaizkile taldea. Behar ekonomiko handiak zituzten emakume gazteak erakartzen zituzten, eta, Espainian, zerbitzari gisa lana eskaintzen zieten. Ildo horretatik, bizitza hobea hitzematen zieten Erromara edo Parisera zihoazen hegazkin-txartelak erosiz, eta bidaiaren gastu guztiak ordaintzen zizkietela esaten zieten.

Ondoren, baina, beste hegaldi bat hartzen zuten Bilboraino, eta erakunde kriminaleko kide batek hartzen zituen bertan. Emakumeak Barakaldoko edo Caneteko (Frantzia) etxeetara eramaten zituzten, benetan egin behar zuten lanaren eta betebeharren berri emateko.

Gaizkileek biktimen gaineko erabateko kontrola zuten, eta inoiz ez zieten agindutako dirua ordaintzen. Senideei diru-kopuru txikiak bidaltzen zizkieten, eta geratzen zitzaien dirua janaria eta oinarrizko produktuak erosteko erabiltzen zuten.

Biktimek zuten betebeharretako bat biluzik edo arropa gutxirekin argazkiak ateratzea zen, gaizkile taldeko arduradunak emandako argibideen arabera, Interneteko iragarkien bidez sexu-zerbitzuak eskaintzeko. Horretarako, telefono mugikor bat ematen zieten, bezeroen deiei erantzuteko, eguneko edozein ordutan.

Testuinguru horretan, sexu-esplotazioarekin lotutako gizakien salerosketa leporatu diete atxilotuei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia Barakaldo Delituak Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak