Gizartea -

Bitxikeriak

Chanelek euskal abarka tipikoen itxura duten 1.650 euroko botak saltzen ditu

Euskal Herrian duela mende batzuk edozein artzainek erabiltzen zituen oinetakoen antzeko botak ditu salgai frantziar moda-etxeak.

Chanelek bota hauek ditu merkatuan. Argazkia: www.chanel.com.
Chanelek bota hauek ditu merkatuan. Argazkia: www.chanel.com.
Chanelek bota hauek ditu merkatuan. Argazkia: www.chanel.com.

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Luxuzko moda-artikuluak diseinatu eta egiten dituen Chanel moda-etxe frantziarrak Euskal Herriko abarka tipikoen itxurako botak merkaturatu ditu. Parisko enpresaren web-orrian ikus daitekeenez, Euskal Herrian duela mende batzuk edozein artzainek erabiltzen zituen oinetakoen antzeko bota horiek 1.650 euroko prezioa dute.

Artikuluaren aurkezpenean, Chanelek zehaztu du oinetako horiek "ardi-larru landua" dutela, eta "arrail meheak" egin dizkietela, efektu berezia emateko. Coco Chanel diseinugileak 1910ean sortutako moda-etxearen esanetan, botek 2 zentimetroko takoia dute, eta bezeroek beltzez eta beixez dituzte eskuragarri.

Abarkak, ongi ezaguna denez, tradizio handiko oinetako herrikoiak dira, bereziki Pirinio inguruetan. Oinetakoen azpia eta behatzak bakarrik estaltzen dituzte, eta txahal-larrua erabili izan da horiek egiteko; lokarrietarako, ordea, artileaz baliatu dira abarkagileak. Egun, oso ohikoa da kautxuzko abarkak egitea eta erostea. Batez ere dantzariek janzten dituzte, dantza tradizionaletan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albiste barregarriak Nafarroa gaur Iparraldea argazkiak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak