Gizartea -
ALERTA DEUSEZTATUTA
Gurutzetan ingresatutako emakumeak ez du koronabirusik
Gurutzetako ospitalean ingresatuta dagoen gaixo bati egindako probek baztertu egin dute duen pneumonia Txinako Wuhan probintziatik zabaltzen ari den koronabirusarekin lotuta dagoenik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gurutzetako ospitalean dagoen gaixo bati egindako probek baztertu egin dute pneumonia Txinako Wuhan probintziatik zabaltzen ari den koronabirusarekin lotuta zegoenik.
Madrilgo Majadahondako Mikrobiologia Zentro Nazionalera bidali zuten gaixoaren lagin bat, azterketa zehatza egiteko, eta proba horrek negatibo eman du koronabirus bidezko infekzioan.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera eman duenez, behin susmoa baztertuta, duela gutxi Txinako Wuhan probintziara bidaiatu zuen emakumea isolamendutik atera dute, eta bere egoeraren araberako mediku arreta jasotzen jarraituko du. Hurrengo orduetan alta emango diote.
EAEn ez da, beraz, koronabirusari lotutako infekzio-kasurik izan orain arte, baina Osasun Saila eta Osakidetza adi daude, eta euskal herritarrei "lasaitasun mezua" helarazi nahi diete.
"Susmopean izan den kasu honetan, agerian geratu da prebentzio, detekzio, jarraipen eta jarduera sistema sendoa dela. Euskadik badu jarduteko protokolo bat, ospitaleetako larrialdietako eta Etengabeko Arreta Guneetako profesionalak, Osakidetzako larrialdi-sarea eta ESI bakoitzean zuzeneko arduradunak dituzten ospitale-zerbitzuak barne hartzen dituena. Hori guztia zaintza epidemiologikoko sarearen ikuskaritzapean eta Gaixotasun Infekzioso Berrien Aholku Batzordearen aholkularitzapean. Gainera, Osasun Saila harremanetan dago Ministerioarekin" adierazi du Osasun Sailak komunikabideetara igorritako ohar batean.
Osasun agintariek gogorarazi dute gripearekin bezala, garrantzitsua dela neurri higienikoak hartzea, eztuletik eta doministikutik babestea, eskuak xaboiarekin maiz garbitzea eta erabili eta botatzeko zapiak erabiltzea.
Koronabirusaren hiru kasu baieztatu dituzte Frantzian
Frantziako Gobernuak, berriz, koronabirusaren hiru kasu baieztatu ditu, Bordelen eta Parisen. Europan antzeman dituzten lehen kasuak dira.
Osasun Ministerioak azaldu duenez, hirurak Txinan egon dira duela gutxi; horietako bat Bordelen ospitaleratu dute, eta beste biak Parisen.