Gizartea -
Gertakaria
Zaragozan Getxoko bizilagun bat hil zuen taldeko hiru kide auzipetu dituzte
Epaileak bi gizon auzipetu ditu, eta delitu hauek egotzi dizkie: hilketa, legez kanpoko atxiloketa, indarkeriaz egindako lapurreta, heriotza-mehatxua eta iruzurra.
Agentziak | Erredakzioa
Zaragozako Epaitegi batek gaizkile talde bateko hiru kide auzipetzea erabaki du, gizon bat indarrez jo eta bizirik lurperatzeagatik. Biktima beste bi gizonekin batera joan zen Pedrolara, webgune baten bidez harremanak eskaintzen zituen emakume batekin elkartzera.
Epaileak 35 eta 34 urteko bi gizon akusatu ditu salatutako gertakari guztien erantzule gisa, eta delitu hauek egotzi dizkie: hilketa, legez kanpoko atxiloketa, indarkeriaz egindako lapurreta, heriotza-mehatxua eta iruzurra.
Gainera, epaileak beste gizon bat auzipetzea ere erabaki du. Honako gizona beste auzi bategatik dago jada espetxean, hain zuzen, indarkeriaz egindako lapurretagatik eta legearen aurkako atxiloketagatik, 2019ko uztailaren 26an bizirik atera zen biktima bat lotu, ahoa estali, kolpatu eta kreditu-txartelaren gakoa ematera behartu baitzuen.
Autoan, instruktoreak bi gizonen aurkako behin-behineko espetxealdi-agindua berresten du, eta egun bateko epean, 100.000 euroko fidantza ordaintzeko eskatzen die, gertakari horietatik eratorritako erantzukizunei aurre egiteko.
Taldeko hirugarren kidea, aldiz, fidantzarik gabe behin-behinean aske uztea erabaki du epaileak. Halere, 5.000 euro ordaintzeko eskatu dio, egozten zaizkion gertakarien inguruan izan dezakeen erantzukizuna dela-eta. Erabaki horri esker, datorren 31n kartzelatik atera ahal izango da, aske uztea aldez aurretik programatuta egonik.
Getxoko 54 urteko bizilagun baten hilketa bortitzak talde kriminal hori ezagutzera eman zuen joan den irailean. Taldeak Zaragozako Pedrola, Luceni eta Gallur herrien arteko ardatz geografiko txiki batean jarduten zuen, eta webgunean harremanak bilatzen zituzten "bihotz bakartiak" zituen biktima gisa.
Getxoko bizilagun bat hil zuten arte, Guardia Zibila talde horretxen aurreko bi biktimak ikertzen ari zen, Badoo izeneko webgunearen bidez beraien bizitokira erakarri zituztenak. Webgune horretan, emakume batek bere burua eskaintzen zuen gizonekin harremanak izateko.
Lehen bi biktima horiek –37 urteko gizon bat, Almunia de Doña Godinan (Zaragoza) bizi zena, eta Tuterako (Nafarroa) 59 urteko gizon bat– beren bizitzak salbatzea lortu zuten, erasotzaileen eskutik, webguneko emakumearen eta beste bi gizonen eskutik, izua eta muturreko indarkeria jasan ostean.
Bere prozesatze-autoan, epaileak ez du baztertzen atxilotuei erakunde kriminaleko delitua ere egozteko aukera, ezta identifikatu gabeko laugarren kide baten parte-hartzea ere.