Gizartea -

Erabakia

Iruñeko Udalak bertan behera utzi du hitzaldi feminista bat "ezegokia" delakoan

Paola Damonti adituak ostiralean eskaini behar zuen 'Arrakala orgasmikoa' izenburupean. Voxek sare sozialetan salatu zuen. Oposizioak 'zentsura' aplikatzea egotzi dio Udalari.

Iruñeko Udaleko Berdintasun Arloak antolatu zuen hitzaldia. Argazkia: Vicente Guinea
Iruñeko udaletxea
Iruñeko Udaleko Berdintasun Arloak antolatu zuen hitzaldia. Argazkia: Vicente Guinea

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko Udalak (Navarra Suma) bertan behera utzi du Paola Damonti genero kontuetan aditu eta ikerlariak ostiralean eskaini behar zuen hitzaldia. Damontik Iruñeko Emakumeen Etxean eskaini behar zuen bere hitzaldia, "Brecha orgásmica: De como el patriarcado nos persigue hasta en la cama" (Arrakala orgasmikoa: Patriarkatuak nola jazartzen gaituen oheraino) izenburupean. Oposizioak zein Iruñeko talde feministek gogor salatu dute erabakia, eta zentsura dela azpimarratu dute.

Damontiri atzo, asteazkena, jakinarazi zioten erabakia telefono bidez. Horri esan ziotenaren arabera, Udalak bertan behera uztea erabaki zuen "ezegokia" zelakoan, eta izenburuari egin zioten erreferentzia. Udaleko iturriek EFEri adierazi diotenez, aurrerago eskainiko dute hitzaldia, baina beste izenburu batekin. 

Emakumeen Etxea elkartearen esanetan, hitzaldiak Iruñeko Udalaren Berdintasun arloak antolatzen ditu. Maria Malo elkarteko presidentearen hitzetan, "gure elkarteak ez du hitzaldia antolatu, eta ez du zerikusirik bertan behera geratzearekin".

Hitzaldia duela hilabete batzuk programatu zuen Udalak, eta asteartean iragarri zuen sare sozialetan. Hain justu, Iruñeko Udalak Twiterren duen kontuaren bidez botatako mezua hartu, eta, txio bidez, hitzaldia kritikatu zuen Iruñeko Vox alderdiak. Mezuan ziotenez, "Iruñeak 'orgasmoa arrakala' zertan den azalduko die herritarrei, eta zelan jazartzen zaien emakumeei oheraino. Ez. Ez da inozentada bat, ezta sekta progre batek antolatutako hitzaldia ere. Navarra Sumak zuzentzen duen Iruñeko Udalak antolatutako zerbait da".

 Oposizioak gogor kritikatu du Udalaren erabakia. Ohar batean, "azalpen onargarririk gabe, gauekotasunez eta azpikeriaz" hartutako erabakia salatu du EH Bilduk. Horren aurrean, koalizio subiranistak eskatu du "ekitaldia programatuta zegoen bezala egitea, termino berdinetan, izenburu eta eduki berarekin. Ezin da onartu Enrique Maya buru duen eskuineko hirukoa hartzen ari den noraezean zentsuratzea; deriba horrek esan nahi du gustuko ez duena debekatzea eta ultraeskuinaren estortsioei amore ematea. Ala Voxek markatuko du hemendik aurrera Emakumeen Etxearen eta Iruñeko udalaren berdintasun programazioa?", galdetu du.

PSNk ere zentsura salatu du. "Zentsura ez da onargarria, baina are larriagoa iruditzen zaigu erabakia ultraeskuinaren presioen ostean hartu izana. Navarra Sumak men egin dio Voxek berdintasun politikoekiko duen obsesioari", adierazi du talde sozialistak. Hala, alkateari atzera egiteko eskatu diote.

Geroa Bairentzat ere "onartezina" da "hitzaldi feminista bati Navarra Sumaren gobernuak ezarritako betoa". 

Bestalde, Ainhoa Aznarez Ahal Duguko feminismoen idazkariak salatu duenez, "Navarra Sumak gurasoen betoa ezarri dio Iruñeko biztanleriari, eta ezagutu behar ditugun edukiak erabaki ditu". Aznarezek "erabat baztertu" du hitzaldia bertan behera utzi izana. Horren iritzian, "alkateak jarrera autoritarioa erakutsi du beste behin, oso kezkagarria da".

Azkenik, Nafarroako Lunes Lilas elkarteak "harriduraz eta haserre" hartu du "Iruñeko Udalean ez dagoen alderdi baten txio baten ondorioz" hartutako erabaki "autoritarioa". Elkarte feministaren ustez, Mayak "'beto neandertala' ezarri nahi die herritar guztiei". Hori horrela, Navarra Sumari "atzera egiteko, eta Emakumearen Udal Batzordearen bilera berehala deitzeko" eskatu dio "azalpenak eman ditzan eta egoera zuzen dezan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Alderdi politikoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa Iruñeko Udala Navarra Suma