Gizartea -

Wuhango pneumonia

Osakidetzak koronabirus berriak eragindako egoera aztertuko du

Osasun Sailak lasaitasun mezua helarazi die herritarrei. Oraingoz ez da 'Wuhango pneumonia' kasurik atzeman EAEn, ezta Espainiako Estatuan ere.

Ostiralean bilduko da Gaixotasun Infekzioso Berrien Euskadiko Aholku Batzordea. EiTB
Ostiralean bilduko da Gaixotasun Infekzioso Berrien Euskadiko Aholku Batzordea. EiTB
17 pertsona hil dira jada Txinan, koronabirus berriaren ondorioz

1:29

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Osakidetzaren esku dagoen Gaixotasun Infekzioso Berrien Euskadiko Aholku Batzordea ostiralean bilduko da koronabirus berriaren inguruko prebentzio neurriak hartzeko beharra aztertzeko.

Osasun Sailak eta Osakidetzak ohar batean azaldu dutenez, "erne" daude txinatar jatorriko pneumoniaren inguruan jasotzen duten informaziorekin (herrialde asiarrean 17 lagun hil dira gaixotasun horrek jota).

Hala ere, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak azpimarratu du “oso txikia” dela birusa espainiar Estatuan sartzeko arriskua.

EAEk epidemien jarraipena egiteko sistema bat du. Gainera, tankera horretako kasuei aurre egiteko protokolo bat ere existitzen da. Protokolo hori aholkularitza batzorde batek egindakoa da, eta profesionalek jarraitu beharreko gida gisa erabiliko lukete EAEn kasurik agertuko balitz.

Nolanahi ere, oraingoz ez da koronabirus horrekin lotura duen pneumonia kasurik atzeman EAEn, eta Osasun Sailak lasaitasun mezua helarazi nahi izan die herritarrei.

Aireportuetako agintariak informatu dituzte

Testuinguru honetan, Espainiako Estatuko Osasun Ministerioak koronabirusaren egoeraren berri eman die aireportuetako agintariei, eta gaixotasunaren aurrean neurriak hartzeko prest egoteko eskatu die.

Osasun Ministerioak gogorarazi du Espainiako Estatuko aireportuek ez dutela zuzeneko loturarik Wuhan hiriarekin, eta ez dela helmuga turistiko esanguratsua, baina urte berri txinatarreko oporrak direla eta, bidaia asko aurreikusten dira Txinatik eta Txinara.

Europan, Frantziak, Erresuma Batuak eta Italiak baino ez dute lotura hiri txinatar horrekin.

Munduko Osasun Erakundearen bilera

Bestalde, Munduko Osasun Erakundearen Larrialdietarako Batzordea berriro bilduko da ostegun honetan, Txinako Wuhan hirian agertu den birusaren harira nazioartean larrialdi egoera ezarri ala ez erabakitzeko.

Larrialdietarako Batzordea hainbat orduz egon da bilduta Genevan, baina ez dira adostasun batera heldu eta biharko beste hitzordu bat jarri dute.

Didier Houssin presidenteak aitortu du batzordea zatituta dagoela. Tedros Adhanom Ghebreyesus Munduko Osasun Erakundeko zuzendari nagusiak zehaztu du kontu handiz jokatu nahi dutela eta erabakia hartzeko Txinako agintariek informazio gehiago bidaltzea behar dutela.

Bitartean, Munduko Osasun Erakundeak epidemiaren iturria ikertzeko lanean segitzen duela erantsi du.

Garraio publikoa bertan behera utzi dute Wuhanen

Bestalde, Wuhango agintariek garraio publikoa gelditzeko erabakia hartu dute. Dagoeneko 17 pertsona hil dira hiri horretan koronabirus berriak jota.

Halaber, Txinako Gobernuak herritarrei Wuhanetik ez ateratzeko eskatu die, eta tren geltokiak eta aireportua itxita egongo direla ohartarazi die.  

"Wuhanera ez joateko eskatzen diegu herritarrei. Eta han daudenei han geratzeko galdegiten diegu", adierazi du Li Bin Osasun ministrordeak.

Horrez gain, birusa arnasketa bidez transmititzen dela jakinarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Txina gaur Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Gripea gaur Munduko Osasun Erakundea Koronabirusa